25. Umore Azoka martxan da!

Ander Zarraga 2025ko mai. 15a, 14:48

Kultur Leioa izan da gaur goizean 2025eko Umore Azokaren lehen topaketa profesionala, kaleko arteen arloko 50 profesional ingururen parte-hartzeagaz: konpainiak, banatzaileak eta espazio eszenikoen programazioaren arduradunak. Artekalek eta SAREA euskal antzokien sareak sustatuta, ekitaldi horrek eman dio hasiera azokaren 25. urteurrena ospatzen duen edizio berezi bati. Ikuskizunak ordu gutxiren buruan hasiko dira, 18:00etan, hain zuzen ere.

Jardunaldia SAREAren Batzar Nagusiagaz hasi da, eta, ondoren, Plazaratu jarduera egin dute. Euskal konpainiei beren proiektu eszenikoak programatzaileei zuzenean aurkezteko aukera ematen dien ekimen horrek hamar urte bete ditu aurten.

Leioako alkate Iban Rodriguez Etxebarriak ongietorria eman die bertaratuei, eta nabarmendu du Umore Azoka ez dela "azoka artistiko bat bakarrik, kaleko arte eszenikoetarako konexio, sorkuntza eta proiekzio gune bat baizik".

Topaketaz gain, Artekale Guneak jarduera profesionalakaz jarraituko du datozen egunetan, hala nola Umore Meetingak, lankidetza berriak sustatu gura dituzten konpainien eta programatzaileen arteko bilera laburrak.

100 ikuskizun baino gehiago doan igandera arte

Tokiko, estatuko eta nazioarteko 50 konpainiaren doako 100 emanaldi baino gehiago eskainiko dituen programazio zirraragarriari hasiera emango diote gaur arratsaldean. Azoka 18:00etan hasiko da Boulevard Monolitoan, Toy Toy Toy bikote japoniarraren GEAR ikuskizunagaz. Yoyo-ko munduko txapeldunak dira, eta erritmoa eta zehaztasuna uztartzen dituzte ikuskizun bisual eta mekaniko batean.

Horrez gain, lehenengo jardunaldi honetako proposamenen artean, Zen del Sur taldearen XPECTRO ere egongo da, autismoa ikuspegi artistiko batetik jorratzen duen zuzeneko zirku eta musika muntaia, Aldapa Auditorioan 22:30ean.

Hortzmuga Teatroa konpainia leioaztarrak Hasta luego, hasta nunca ikuskizun ibiltaria aurkeztuko du, Dantzertigaz lankidetzan eta Umore Azoka 2025ek elkarlanean ekoitzia. Sabino Aranatik abiatuko da 21:15ean, eta omenaldia egingo dio azokaren historiari.

Eguen honetan, halaber, Music Circusen Zentzumenen Zirkua izango da ikusgai, 18:00etatik 21:00etara Udondo Bulebarrean egongo den instalazio murgiltzailea, eta Troupe Malabóren Eirené, bajo la carpa del cielo ren begirada antibelikoa, 19:30ean, Errekalde Eskulturan.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun