Leioako Emakumeen Jabekuntzarako Eskolak, LAKETek, datorren maiatzaren 29an, eguenean, 18:00etatik aurrera, ikasturte amaierako jaia ospatuko du. Ekitaldia Leioako emakume guztiei irekita egongo da, eta Leioako Udalak antolatu du 2024-2025 ikasturtean egindako lana balioan jartzeko eta proiektua parte-hartzaile berrietara hurbiltzeko helburuagaz.
Jaia LAKETen egoitzan bertan izango da, Mendibileko Eskoletan, eta Virginia Imaz aktore eta pailazoaren emanaldi berezi bat izango du: Pronoia izeneko ikuskizuna, umorez, goxotasunez eta gogoeta kritikoz betetako proposamen eszenikoa. Bere hizkuntza artistiko bereziaren bidez, Imazek ikusleak hausnarketa kolektiborako gonbidatu gura ditu jabekuntzaren inguruan. Genero ikuspegitik, desberdintasuna eta indarkeria erreferentziatzat hartzen dituen pieza ludikoa da.
Ikuskizunaren ondoren, ate irekiko jardunaldia egingo dute eskola ezagutzera emateko. Bertaratzen direnek emakumeek LAKETen instalazioak, lan-ildoak eta ohiko programazioa gertutik ezagutzeko aukera izango dute. Arratsaldeari amaiera emateko, lunch txiki bat ere eskainiko dute, elkargune eta elkarbizitzarako gune gisa.
Ekimena bereziki zuzenduta dago ikasturtean zehar tailer eta jardueretan parte hartu duten emakumeei, baina baita lehen aldiz espazio hau ezagutu nahi duten emakumeei ere. LAKET erreferentziazko udal-gunea da berdintasunaren eta emakumeen jabekuntzaren arloan. Izena ematea beharrezkoa da laket@leioa.eus helbidera email bat bidaliz.
Eraldaketarako gunea
LAKET Leioako Udalak bultzatutako eskola da, ikuspegi feministatik eta inklusibotik abiatuta sortutakoa. Horren helburua udalerriko emakumeen arteko jabetze prozesu indibidual eta kolektiboak sustatzea da.
Urteko programazioa zazpi ardatz estrategikoren inguruan antolatzen da: feminismoa, osasuna, identitatea, emakumeen subjektibotasuna eta balioen aldaketa, kulturartekotasuna eta elkartasuna, kultura birdefinitzea eta autonomia zein indarkeria lantzea. Formatu anitzak eskaintzen dira: tailer praktikoak, topaketak, ziklo kulturalak, autozaintzarako espazioak eta etengabeko prestakuntza, guztiak ingurune irisgarria eta doako batean, eta aldez aurretik eskatuta, haurtzaindegi zerbitzuagaz.