Susana Garcia Mugikortasun Iraunkorreko sailburuak Legebiltzarrean adierazitakoaren arabera, "gaur egun, Euskal Trenbide Sarean eta Mugikortasun Iraunkorreko Sailean ez dago Metro Bilbao trenbidea Leioa eta Getxo udalerrietan lurperatzeko azterketarik edo proiekturik". Baieztapen horren aurrean, Leioako alkate Iban Rodriguezek Lamiakon metroa lurperatzearen aldeko Udalaren konpromisoa berretsi gura izan du.
Alkateak azaldu duenez, Udala prest dago beste erakunde batzuekaz aktiboki lankidetzan aritzeko, bideragarria izan dadin, baita Lamiakoko dartsenaren inguruko etorkizuneko bizitegi-garapenetan ohiko hirigintza-aprobetxamenduaren % 15ari uko eginez ere, trenbidearen trazadura lurperatzearen baldintzapean.
Rodriguezek ziurtatu du proiektua "ez dagoela geldirik", eta gainerako administrazioakaz alde teknikoak lantzen jarraitzen dutela proiektua gauzatzeko. Azpimarratu du metroa Lamiakon lurperatzea aukera estrategikoa dela udalerriaren hiri- eta bizitegi-garapenerako, eta gogorarazi du proposamena dagoeneko helarazi zaiela erakunde eskudunei. Udalak etorkizuneko apustu gisa defendatu du azpiegitura hori, bizi-kalitatearen, hiri-kohesioaren eta jasangarritasunaren alde.