Eusko Jaurlaritzak baztertu egin du metroa Getxon eta Leioan lurperatzea, auzokoen eta erakundeen presioa gorabehera

Ander Zarraga 2025ko mai. 12a, 12:37

Metroaren 1. linea Lamiakon, lurrazpiko tartean sartu baino lehen.

Bizilagunen, eragileen eta erakundeen presioa gorabehera, Getxoko eta Leioako Metro Bilbaoren 1. linearen ibilgua lurperatzeko aukera baztertu egin dute oraingoz. Eusko Jaurlaritzak, Euskal Trenbide Sarea (ETS) sozietatearen eta bere Mugikortasun Iraunkorreko Sailaren bitartez, baieztatu du ez duela jarduera hori aurreikusten, ezta ikasketa teknikoei dagokienez ere, nahiz eta bi udalerriek behin eta berriz eskatu.

Eusko Jaurlaritzak baztertu egin du metroaren 1. linea Lamiako eta Areeta auzoetan lurperatzeko aukera. Susana Garcia Mugikortasun Iraunkorreko sailburuak Legebiltzarrean adierazitakoaren arabera, "gaur egun, Euskal Trenbide Sarean eta Mugikortasun Iraunkorreko Sailean ez dago Metro Bilbao trenbidea Leioa eta Getxo udalerrietan lurperatzeko azterketarik edo proiekturik". Horregaz batera, adierazi du ez dagoela aurreikusita "udalerri horietan lurperatzearen bideragarritasunari buruzko azterlan teknikoak bultzatzea", eta ezta horri buruzko erabakiak hartzeagaz lotutako inolako kronogramarik ere.

Bai Leioak bai Getxok formalki eskatu dute jarduketa hori, 2019an eta 2024an, hurrenez hurren, eta Bizkaiko Foru Aldundiak duela gutxi eskatu zion BGPri bideragarritasunari buruzko azterketa tekniko-ekonomikoa egiteko. Hala ere, azken hitza Eusko Jaurlaritzarena da, eta horrek proiektua ezestea erabaki du.

Metroa eskuinaldeko lurrazaleko trenbide zaharraren trazadurari jarraituz ezarri zen, eta nahiz eta zati batzuk lurperatuta egon, Erandioko erdigunean edo Areetan, esaterako, ibilbidearen zati handi bat aire zabaletik doa. Sopela bezalako udalerrietan ere lurperatzea eskatu da, kutsadura akustikoa eta sortzen duen oztopo-efektua direla eta; hala ere, kasu horretan, oraingoz, hartutako neurri bakarra pantaila akustikoak instalatzea izan da.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun