Albizuk eta Correak salatu dutenez, Lamiako Maskarada antolatzeko erabili ohi duten lokalak hainbat arazo ditu: argiteriako kableak begi-bistan daude, hezetasuna dago hormetan, su-itzailgailuak iraungita daude, antzezlekura igotzeko eskailerak hondatuta daude eta bertako argiak pizteko horietatik igo behar dira bai ala bai. Azpimarratu dutenez, urteak daramatzate egoera horretan eta daborduko ez dakite zer gehiago egin, horregatik, dauzkaten arazoez arduratzeko eta behin betiko konpontzeko eskatu diote Leioako Udalari.
Bere partetik, Leioako Udalak adierazi du eraikina Gotzaindegiaren jabetzakoa dela, beraz, ezin dute horren hobekuntzetan esku hartu. Gaineratu dute denbora daramatela hitzarmen bat lantzen Udalarena izan dadin, lokalak behar dituen hobekuntzei ekin ahal izateko. "Espero dugu lehenbailehen itxi ahal izatea hitzarmen hori, beharrezkoa baita gai honi irtenbidea emateko", erantsi dute.