Aurten ere, Gune Morea jarriko dute ekainaren 20, 21, 22 eta 23ko gauetan, 23:00etatik 06:00etara, Boulevardeko obeliskoan. Gune horretan informazioa, laguntza eta arreta eskainiko zaie edozein motatako erosa jasan duten edo laguntza behar duten pertsonei. Horrez gain, 693 297 942 telefono-zenbakia ere martxan egongo da behar dutenentzat.
Ekimen horregaz hasteko, ekainaren 14an, jaien aurreko testuinguruan, Gune Morea formatu ibiltarian egon zen Ikea Barri auzoan, 13:00etatik 15:00etara.
Horrez gain, hainbat txosna eta establezimendu Agente More izango dira festek irauten duten bitartean. Ikusgai egongo den eranskailu batek identifikatuko ditu, erasoren bat gertatuz gero nola jokatu jakiteko prest daudela adierazteko.
Gaueko taxia
Jaietan gaueko doako taxi-zerbitzu ere aktibatuko dute Leioan etxerako itzulera segurtasunez egiten dela bermatzeko. Aurten, taxi gehigarri bat ezarriko dutela ere jakinarazi dute Udaletik; izan ere, aurrekoetan eskaera handia izan zen. Zerbitzua Boulevardeko Stoa inguruan egongo da.
Prebentzio neurriak indartzeko asmoz, Udaltzaingoa eta Ertzaintza lanean ariko dira elkarregaz, zaintza eta kontrol neurriak handituz eta arriskutsuak izan daitezkeen eremuetako argiztapena indartuz. Besteak beste, kale-zurruta, substantzia estupefazienteen kontsumoa eta arma zurien kontrola egingo dituzte.