2024-2025 ikasturtean euskara ikasteko diru-laguntzak eskatzeko epea ireki dute Leioan

Ander Zarraga 2025ko eka. 18a, 12:45

Euskaraldia Leioan, artxiboko irudian. © EDENIKA

Leioako Udalak 2024-2025 ikasturtean euskara ikasi edo hobetu duten eta udalerrian erroldatuta dauden pertsonei diru-laguntzak emateko deialdi berri bat abiarazi du. Diru-laguntzek matrikularen kostuaren % 60 eta % 100 bitartean hartu ahal izango dute.

Udal Dirulaguntzen Plan Estrategikoaren barruan sartuko diren laguntzak euskararen erabilera erraztea, oztopo ekonomikoak murriztea eta eguneroko erabilera sustatzea dute helburu. Zeregin horretarako, guztira, Udalak 24.000 euro bideratuko ditu.

Interesdunek ikastaroa hasi baino sei hilabete lehenago gutxienez Leioan erroldatuta egon beharko dute, 16 urte beteta izan beharko dituzte, egunean egon beharko dute betebehar fiskalakaz eta ezin dezakete zigorrik izan genero-berdintasunagatik. Ikastaroak HABEk homologatu behar ditu eta Leioako Mastitxu edo Lamia AEK euskaltegietan egin behar dira, justifikatutako kasuetan izan ezik.

Neguko ikastaroetarako laguntza eskatzeko epea uztailaren 7ra arte egongo da zabalik, eta udakoetarako, berriz, 2025eko irailaren 29tik azaroaren 3ra bitartean. Eskaerak HAZ eta Gaztelubideko udal-zerbitzuetan edo bide telematikoz aurkez daitezke. Hal ere, informazio gehiago behar dutenek bide hauetara jo dezakete: euskarazerbitzua@leioa.eus edo 946 072 576.

Gainera, Udalaren eta Aurten Bai Fundazioaren arteko hitzarmenari esker, Leioako 15 lagunek Zornotzan barnetegi bat eskuratu ahal izango dute, baldintza ekonomiko onuragarrietan, abuztuan eta irailean. Plaza horietarako eskabidea ekainaren 30era arte dago zabalik.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun