Lehen jardunaldian, umeentzako jolasak, sormen tailerrak, antzerkia eta zirkua izan dira protagonista, familia giroan. Arratsaldean, Buztingilearen magia zirku ikuskizunak eta New Tocados txarangak alaitu dute parkea.
Aste-akabuan zehar, beste hainbat proposamen izango dira, hala nola Swing Dance klasea, kometen tailerra, clown ikuskizunak, musika emanaldiak, Trakamatrakaren musika birziklatua eta Zirkozaurreren zirku garaikidea.
Leioako Udalak nabarmendu duenez, Apatx! kulturjaialdia irekia, parte-hartzailea eta anitza da, eta kultura guztiongana hurbiltzeko eta herritarren artean bizikidetza sustatzeko helburua du. Udalak aurreratu du topaketa honek jarraipena izango duela hurrengo urteetan.
Gaur eguerdian, Leioako alkatea, Iban Rodriguez Etxebarria, antolakuntza taldeko kideakaz batera aritu da jaialdiaren inaugurazio instituzionalean. Alkatearen hitzetan, "APATX! Leioako kulturaren aldeko apustu argia da, gertukoa eta guztiontzat irisgarria, eta Pinosolo bezalako espazio natural batean arteari eta komunitateari tokia egiteko jaio da".