Lamiakoko hezegunea berreskuratzeko herri-ekimena abiatu dute hainbat elkartek

Ander Zarraga 2025ko ira. 16a, 15:49

Hegazti bat Lamiakoko hezegunean, Nerbioi itsasadarraren ertzean. © JOSE IGNACIO TORRES

Lamiako Txopoeta Bizirik, Lamiako Ibarraren Defentsarako plataformak, Herri Bideak Kate Barik, eta Ekologistak Martxan elkarteek kanpaina informatiboa abiatu dute Lamiakoko hezegunearen balio naturala ezagutzera emateko eta haren bernaturalizazioa sustatzeko. Ekimena datozen hilabeteetan garatuko dute, jarduera eta ekintza desberdinen bidez.

Kanpainaren lehen ekintzetako bat irailaren 20an egingo dute Lamiakon. Bertan, elkarteek informazio-mahaiak jarriko dituzte bizilagunek hezegunearen balioa eta berriztatzeko proposamenak ezagutu ditzaten. Hurrengo hilabeteetan ere jarduera gehiago iragarriko dituzte sare sozialen bidez.

Elkarte sustatzaileek gogorarazi dute ezinbestekoa dela instituzioek hezegunearen bernaturalizazioa bultzatzea, "ez dadin erabat galdu". Horretarako, proposamenen artean padura eta ibai paisaien berreskuratzea, gune horren balio natural eta historikoak ezagutarazteko edukiak eta elementuak sortzea eta inguruko azpiegitura eta eraikinen integrazio estetiko eta paisajistikoa proposatu dituzte.

Informazioa zabaltzeko, hezeguneari buruzko liburuxka bat ere argitaratu dute, eta bertan QR kode baten bidez Leioako Udalak egindako Paisaiaren Ekintza Plana kontsulta daiteke.

Lamiakoko hezegunea Nerbioi ibaiaren itsasadarreko mareen arabera urez betetzen den azken padura eremua da, eta XIX. mendearen amaierako lehortze, industrializazio eta urbanizazio prozesuek asko eraldatu dute gune hori, gaur egungo paisaia ekarri dute. Hala ere, guneak aberastasun eta potentzialtasun handia du oraindik ere: Bizkaiko Foru Aldundiaren inbentarioak 167 hegazti-espezie jaso ditu bertan, horietatik 39 mehatxatuak, eta Eusko Jaurlaritzak Euskadiko Hezeguneen Inbentarioan sartu du.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun