Asto-probetan animaliek sufritzen dutela frogatzen duen txostena argitaratu du Leioako elkarte batek

Ander Zarraga 2025ko ira. 23a, 16:38

Asto proben inguruko eztabaida piztu gura du elkarteak, animalia horien sufritzen dutena ikusaraziz. © GUKA

Leioako Animalien Tratu Txarren Aurkako elkarteak kaleratu berri duen txostenak argi utzi du asto-probetan erabiltzen diren animaliek behar ez duten sufrimendua jasaten dutela. Azaldu dutenetz, Teresa Gamonal albaitari eta etologoak 54 bideo aztertu ditu, eta hainbat faktore identifikatu ditu astoen ongizatearen aurkakoak direnak.

Gamonalek txostenean azaltzen duenez, asto-probetan animaliek 700 kiloko harria arrastatu behar izaten dute, atseden eskasagaz eta 20 minutuz, eta horrek "muturreko esfortzua" suposatzen du beraientzako, eta "justifikaziorik gabeko sufrimendua eragiten die".

Horrez gain, minaren, estresaren eta beldurraren zantzu ugari ere identifikatu ditu: burua altxatuta, aurpegi-tentsioak eta saihesteko mugimenduak, adibidez. Txostenak jasotzen du, halaber, probetan zigor fisiko eta psikologikoak erabiltzen direla, hala nola garrasiak, uhalei tirakadak, makil-kolpeak baita astoaren sudurrean kokatzen den zerra izeneko metalezko pieza hortzduna.

Adituak azpimarratu du jarduera hauek ez direla bateragarriak animalien ongizateagaz eta 17/2021 Legeak animaliak izaki sentikortzat jotzen dituela, euren ongizate fisiko zein emozionala errespetatuz.

Gamonalen arabera, nazioarteko erakundeek, hala nola Animalien Osasunaren Munduko Erakundeak (OMSA-OIEk) lan ekidoetan sufrimendua eragiten duten jarduerak baztertzeko gomendioa egiten dute. Txosten horregaz animalien tratu txarren aurkako Leioako elkarteak asto-proben inguruko eztabaida berriro piztu gura du, tradizioaren eta animalien ongizatearen arteko oreka eztabaidagai jarrita.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun