Egitaraua urriaren 31n Boulevarden egingo duten Irudimeneko Begiradak – Atzerako kontaketa ekitaldi instituzionalagaz abiatuko dira: auzokideen testigantzak, antzerkia, dantza eta piroteknia ikuskizuna izango dira, besteak beste.
Hurrengo hilabeteetan egingo dituzten beste jardueren artean, nabarmentzekoak dira Leioako metro-geltokian urrian zabalduko den erakusketa, auzoetara eramango den Leioako Begiradak herritarren erakusketa, memoria historikoa aztertuko duten solasaldiak, 500 Ibilbidea izeneko bisita gidatua eta Dantza Plaza 500 urteurrena ekimena. Abenduan, berriz, Leioa Maratoia ekimen solidarioa egingo dute.
Iban Rodriguez alkateak adierazi duenez, "500. urteurren hau ez da ekitaldi isolatu bat izango, baizik eta herritar guztiei irekita dagoen ospakizun partekatu eta kolektiboa. Bost mendeetako ibilbidea ospatzeko modurik onena etorkizunera ilusioz begiratzea da, gure balioak sendotuz: elkartasuna, aniztasuna eta parte-hartzea".
Egitasmoaren aurkezpenean ere izan den Zuriñe Cuesta kultura arduradunak deia egin die herritarrei ekimenetan parte hartzera, "ez dugulako beste 500 urteurrenik biziko", eta bakoitzak barrutik bizi duen Leioa hori azaleratzeko proposamena egin die leioaztarrei, "leioaztar beste Leioa daudelako
Programak urtebete baino gehiago iraungo du, eta hitzaldiak eta ibilbide tematiko dinamizatuak antolatuko dira, herritarrei tokiko istorioak eta bitxikeriak modu parte-hartzailean hurbiltzeko. Ekitaldi herrikoiez gain, kalejirak, antzinako oroitzapenen azoka eta udalerriko elkarteakaz batera antolatutako ekintza solidarioak, ospakizuna udalerriko txoko bakoitzera iristeko borondateagaz.