Leioako metro-geltokia iraganerako leiho bat izango da, udalerriaren 500. urteurrenaren atarian

Ander Zarraga 2025ko urr. 13a, 15:15

Erakusketa XX. mendeko askotariko 12 irudiz egongo da osatuta. © LEIOAKO UDALA

Gaurtik aurrera, XX. mendeko 12 irudi historiko biltzen dituen Iraganari Begirada erakusketa ikusgai dago metro-geralekuko beirateetan. Hau da udalerriaren bosgarren mendeurrena ospatzeko antolatu den hiru erakusketako lehena.

Leioak bere historiaren bost mendeak ospatzeko bideari ekin dio gaur, iraganera begira jarriz. Herriko metro-geltokia aire zabaleko museo bilakatu dute Iraganari Begirada argazki-erakusketagaz. Metroko beirateetan itsatsitako formatu handiko hiru binilok XX. mendeko 12 irudi erakusten dituzte, garai bateko egunerokotasuna, jaiak, eraikin enblematikoak eta txoko ahaztuak gogora ekarriz.

Ekimen hau Leioa Erandiotik banandu zeneko 500. urteurrena ospatzeko Udalak prestatu duen programazio zabalaren lehen mugarria da. Iraganari Begirada hiru erakusketako ziklo baten lehen alea da; ondoren Orainari Begirada eta Leioa Ikusezina etorriko dira, guztiak ere metro geltokian, 2026. urtea amaitu bitartean.

Iban Rodriguez Etxebarria Leioako alkatearen hitzetan, erakusketaren helburua argia da: "Herritarrak istant batean gelditu eta beren historia ezagutzera gonbidatzea". Ekimen hongaz, leioaztarren "oroimen kolektiboa" indartu gura dutela ere gaineratu du, eta, aldi berean, "belaunaldi berriei beren herriaren historia erakutsi". Alkateak azpimarratu duenez, "argazkiok nondik gatozen gogorarazten digute eta oraina baloratzen eta eraiki nahi dugun etorkizuna proiektatzen laguntzen digute".

Etorkizuneko begiradak

Lehen erakusketa honek bidea emango die hurrengo biei. 2026ko martxoaren 1etik apirilaren 1era, Orainari Begirada helduko da, egungo Leioaren irudiakaz, udalerriak azken hamarkadetan izan duen eraldaketa sakona islatzeko. Zikloa ixteko, 2026ko urriaren 1etik azaroaren 9ra, Leioa Ikusezina iritsiko da, formatu are handiagoko erakusketa bategaz, goiko pasabideko leihate guztiak hartuko dituena eta herriak ezkutatzen dituen xehetasunetan jarriko duena arreta.

500 urte, hamaika begirada

Ospakizun nagusia 2026ko urriaren 31n izango da, Leioa udalerri independente bihurtu zenetik bost mende beteko direnean. Data horren bueltan, Udalak urtebeteko egitarau anitza eta parte-hartzailea antolatu du. Datozen hilabeteetan, hitzaldiak, ibilbide tematikoak, kalejirak, antzinako oroitzapenen azoka eta herriko elkarteakaz elkarlanean antolatutako ekintza solidarioak iragarriko dira, ospakizuna Leioako txoko guztietara zabaltzeko asmoz. Jardueren berri hiruhilean behin emango da.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun