Elkarrizketak

Amaia Miranda: "Ez nuke ezergatik aldatuko, musikak eman didana ez dit beste ezerk emango"

Ander Zarraga 2025ko urr. 17a, 12:58

Cuando se nos mueren los amores eta Mientras vivas brilla dira bere lehen bi lanak. © AMAIA MIRANDA

Talentu handiko musikari leioaztar honek urrian argitaratuko du bere hirugarren bakarkako lana: Cada vez que te veo lo entiendo, esperimentazioan eta jolasteko desiotik abiatutako diskoa. Gainera, irailaren amaieran, Miranda eta bere gitarra Gorka Urbizugaz batera aritu ziren Getxoko Muxikebarri antzokian. Hemen dago entzungarri bere hurrengo albumeko aurrerapena.

Urrian zure hirugarren diskoa argitaratuko duzu, zerk bultzatu zintuen horretara?

Beti konposatu dut: txikia nintzenean, gitarrako klaseetara nire partiturak eramaten nituen eta beti gustatu izan zait abestiak asmatzea. Grabatzea ere maite dut, baita nire mikroak izatea eta prozesu guztia ulertzea ere. Hasieran, etxean egiten nuen, niretzako grabatzen; abestiei argazki bat egitea bezalakoa da niretzat. Gero, lan hori nonbaiten kokatzeko helburuarekin argitaratu ditut nire lanak, baina dena oso modu naturalean garatu da. Konfinamenduan ere asko konposatu eta grabatu nuen, hortik dator hau guzti hau, eta diskoa ateratzea ondorio naturala izan da.

Bizitza sei soka artean. "Nire helburua musikaria izatea da, musikatik bizi ahal izatea eta, horretarako, nire proiektu pertsonalak gitarra-jole bezala beste egitasmo batzuekin partekatzen ditut, beste ekoizpen edo talde batzuekin batera jotzen"

Nola hasi zinen musikaren munduan?

Gurasoek beti entzun dute musika etxean eta kontzertu askotara joaten ginen; nire amak euskal musika eta kantautoreak entzun ditu beti, eta nire aitarengandik jazza eta folk amerikarra jaso ditut. Sei urte nituela, Leioako kontserbatorioan hasi nintzen, eta hortik aurrera, beti egon naiz gitarrarekin. 17 urterekin Bartzelonara joan nintzen gitarra ikastera, eta orduz geroztik han egon naiz.

 

Musikari profesionala izateko ibilbidea ez zen erraza izango, ez?

Egia esan, oso zorionekoa sentitzen naiz, sei edo zazpi urtez musikari gisa bizitzea lortu baitut. Hala ere, ez da mundu erraza, zaila delako gustatzen zaizkizun proiektuetan egon ahal izatea; baina, zentzu horretan ere, zorte handia dudala sentitzen dut, asko miresten eta gustatzen zaizkidan proiektuetan egon naizelako. Dena den, ordu asko egon behar dira instrumentuarekin, bidaia luzeak ere egin behar dira eta, ordutegiei eta lan-baldintzei dagokienez, denetarik dago, baina nik ez nuke ezergatik aldatuko, musikak eman didana ez dit beste ezerk emango.

Zure abestietan hizkuntza desberdinak erabiltzen dituzu, zergatik?

Ingelesez, gazteleraz, euskaraz eta katalanez abesten dut, baina abestien hizkuntzak ez ditut hautatzen, konposatzen hasten naizenean etortzen zaizkit; abestia sortzen dudanean daukadan momentu bitalaren arabera aukeratzen dut hizkuntza. Orain, Euskal Herritik gertuago sentitzen naiz eta gehiago ari naiz euskaraz hitz egiten, beraz, era naturalean atera zaizkit euskarazko kantak ere.

Aurkezpenak. "Besteak beste, Elizondon eta Donostian egongo naiz abenduaren 27an eta 28an, eta otsailaren 5ean Bilbon, Kafe Antzokian. Zuzenekoetan Nacho Murekin egongo naiz. Bera diskoaren ekoizlea izan da eta emanaldietan biok batera egongo gara duo formatuan"

Eta nola deskribatuko zenuke zure musika?

Ez zait batere gustatzen nire musikaren inguruko azalpenak ematea. Nik uste dut musika bera bakarrik azaldu beharko litzatekeela, bakoitzarentzat esanahi desberdin bat izango duelako. Jendeari musika entzutera joatea gonbidatzen diot, eta atera ditzatela beraien ondorioak.

Nola eragiten dio zure sormen-prozesuari Gorka Urbizu bezalako musikari bategaz elkarlana egiteak?

Eragin handia du, noski. Disko berrian Bizipoza abestia dago, Gorkarekin eta bere ekipoarekin bizi izandakoaz hitz egiten dut horretan, oso esperientzia inspiratzailea eta polita izan baita. Bizitzaren opari izugarria izan da, Gorkaren lana asko miresten dudalako. Tamaina honetako bira batean egoteak ematen dizkidan bizipenak oso politak dira eta eragin handia dute nire bizitzako alor guztietan.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun