Martxoan, Lamiako, Pinueta eta Txorierri auzoetan abiatu zuten lehen aldiz programa, eta, orain, Udalak beste auzo batera zabaldu gura du egitasmoa, adinekoen ongizatea eta gizarte-kohesioa sendotzeko helburuagaz. Proiektuaren bidez, gura ez den bakardadearen prebentzioa, detekzioa eta esku-hartzea uztartzen dira, tokiko eragileekin elkarlanean, hala nola bizilagunak, dendariek, farmaziek eta beste eragile sozial batzuek osatutako sare baten bidez.
Ekimenaren barruan, Udalak asteko topaketa informalak antolatzen ditu, Kafe bat, aitzakia izenekoak. Elkargune horiek harremanak sortzeko eta bakardade-egoeran dauden pertsonak kalera ateratzeko aukera eskaintzen dute. "Topagune horien bidez, adinekoek beren esperientziak partekatu eta komunitatearen parte aktibo izan daitezen nahi dugu", adierazi dute egitasmoaren arduradunek.
Gainera, programak arreta-gune bat du Lamiakoko Adinekoen Zentroan, eguaztenetan 09:00etatik 13:00etara irekita. Informazio gehiago jaso gura duten herritarrek 747 457 183 telefonoan edo leioabian@leioa.eus helbidean jar daitezke harremanetan.
Leioako Udaleko arduradunek azaldu dute Leioa Abian programak adinekoen bizi-kalitatea hobetzea eta udalerriko gizarte-ehuna sendotzea duela xede. "Gizarte-kohesioa eta elkarri laguntzea funtsezkoak dira komunitate bizi eta solidario bat eraikitzeko", azpimarratu dute.