Leioako emakumeei laguntza psikologiko prebentiboa eskaintzen dien Emakumeak Orekan programan martxan da berriz ere

Ander Zarraga 2025ko urr. 29a, 14:06

Hitzorduak doakoak izango dira, baina aldez aurretik txanda eskatu beharko da.

Leioako Udalak berriro jarri du abian Emakumeak Orekan programa, udalerriko emakumeei zuzendutako laguntza psikologiko prebentiboko doako zerbitzua. Urte hasieran martxan jarri zenetik, adin eta egoera pertsonal oso desberdinetako 50 emakume baino gehiagok jaso dute arreta horretan.

Zerbitzua psikologo espezializatu batek ematen du, eta laguntza emozional indibidualizatua eskaintzen die une zailak bizi dituzten emakumeei, hala nola ondoeza emozionala, zaintzagatik pilatutako gainkarga, dolu-prozesuak, familia-gatazka konplexuak edo genero-indarkeria egoerak, bai oraingoak bai iraganekoak.

Leioako Udaleko arduradunek azpimarratu dutenez, programak gune segurua eta konfidentziala eskaintzen die emakumeei, parte-hartzaileei beren egoera emozionala lantzeko eta bizi-prozesu konplexuei aurre egiteko tresnak emanez. Emakumeen erdiak udaleko beste zerbitzu batzuetatik bideratuta iristen dira, %30 osasun-profesionalen gomendioz, eta gainerakoek beren kabuz egin dute eskaera. Zerbitzu hau Andrak, Zainduz edo Esnatu bezalako udal-programen osagarri ere bada, eta kasu batzuetan zubi-lanetan aritu da, laguntza espezializatuagoa behar zuten egoeretan.

Emakumeak Orekan doakoa da eta aurretiazko hitzorduagaz eskaintzen da: eguaztenetan 15:30etik 19:00etara eta barikuetan 10:30etik 14:00etara. Interesdunek 944 001 917 telefono-zenbakira deitu edo emakumeakorekan@leioa.eus helbidera idatziz eska dezakete hitzordua.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun