Elkarrizketak

Aitor Eguren: "Hasieran ametsa zena, gaur egun nire errealitatea da"

Izaro Garcia 2025eko abenduaren 16a

Sasoiko barazkiez gain, mota ezberdinetako eztia ere saltzen dute.

Lurra, ura eta eguzkia dira Aitor Egurenen eguneroko lanaren oinarriak. Leioaztar honek tokiko ekoizpenean aurkitu du bizimodua, txikitatik ezagutu duen baratzari eta aitak ekarritako lehen erlauntzei esker.

Hasieran eraikuntzan aritu bazen ere, krisiak norabidea aldatzera behartu zuen. "Momentu horretan pentsatu behar izan genuen zertatik bizi eta zer egiten genekien", azaldu du. Erabaki horrek bidea ezarri zion: bazekiena eta gustuko zuena lanbide bihurtzea. Proiektua emazteagaz batera sortu zuen, berak bigarren planoan jarraitzea nahiago duen arren. "Bera da honen motorra", dio Egurenek. Biek, elkarlanean, nekazaritza ekologikoa, artisau-eztia eta bestelako ekoizpenak uztartzen dituen egitasmoa eraiki dute, hazkunde handirik bilatu gabe: "Biok ahal duguna egin, eta kito".

Lanbideari buruz, ordea, Egurenek ez du erromantizismorik saldu gura. Gogorra da, eta ez dagoela formula magikorik dio; hots, lurra ezagutu, klima ulertu eta porrotak onartu behar dira. Horregatik, etengabeko ikaskuntza izan da bere ibilbidearen ardatza. Azkenaldian, gainera, klima-aldaketak gogor jo du euren egunerokoa. Haizeak berotegiak eraman ditu, beroak uztak kaltetu, eta uraren kudeaketa erronka nagusietako bat bihurtu da: "Ura da gakoa, barazkientzat, erleentzat eta guretzat".

Sasoiko barazkiez gain, eztia da euren ezaugarri nagusietako bat. Loraldiaren arabera erlauntzak lekuz aldatzen dituzte, eta horri esker kalitate handiko mono-barietateak eskaintzen dituzte. Testuinguru horretan, tokiko produktuaren aldeko aldarria egin du, "tokiko nekazaritza desagertzen bada, jakintza ere galduko" dela ohartaraziz.

Zuzeneko salmentaren bidez, bezeroekiko harreman estua zaintzen dute, eta hor ikusten du etorkizunerako giltza. Geroa "oso gaizki" ikusten duen arren, Egurenek argi du zergatik jarraitzen duen: "Hasieran ametsa zena, gaur egun nire errealitatea da. Lan gogorra da, baina igual zait". Lurra eta lanbidearekiko maitasuna bidelagun, tokiko ekoizpenari eusten dioten horietakoa  da Aitor Eguren.

 

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun