Elkarrizketak

Batzuetan, ideia handiak ustekabean sortzen dira

Izaro Garcia 2026ko apirilaren 15a

Kike Infamek eta Maider Zalduondok proiektua gorantz egiten ikusi dute.

Intuiziotik sortutako proposamena da Txakomic, urteakaz sendotu egin den eta publiko gero eta zabalagoa erakartzen joan den ekimena bilakatu arte.

Txakolina eta komikia ez dira ohiko bikotea. Baina ideia xume batek, "txakoli bat hartu bitartean komikia egitea", kultura eta gastronomia uztartzen dituen egitasmo baten hasiera ekarri zuen. 2017an kokatzen da abiapuntua, euskal komikiaren historiari buruzko erakusketa batean. Gutxira, proposamenak bere bidea egiten hasi zen. "Zein ederra izango litzatekeen txakoli bat hartu bitartean komikia egitea", gogoratu du Kike Infame antolatzaileak hasierako une hura. Txakolingunean egindako erakusketatik abiatu zen dena; izan ere, Maider Zalduondo Uriarte beste antolatzaile baten esanetan, "txakolin botila bat hartu eta hortik tiraka hasi ginen".

Hasieran ia ustekabean sortu zenak egitura hartu du. Egun, egitasmoak azoka, kontzertu marraztuak, argitalpenak eta dastaketak uztartzen ditu, esperientzia oso bat eskainiz. Baina funtsa mantentzen da: txakolina ohiko testuinguruetatik atera eta kulturagaz lotzea.

Bi mundu bide berean

Lehen begiratuan urrun egon daitezkeen arren, ekimen honen sortzaileek argi dute komikiaren eta txakolinaren arteko lotura badagoela. Izan ere, haien hitzetan, "bi esparruek pixkanaka beren prestigioa irabazi behar izan dute".

Urte luzez, komikia umeentzako entretenimendu hutsa bezala hartu izan da, eta txakolina kalitate apalagoko ardotzat. Egun, ordea, biak ala biak balioan jarri dira: komikia adierazpide kultural gisa, eta txakolina nazioartean lehiatzeko gai den produktu gisa.

Horixe da egitasmoaren muina ere; hots, ikuspegiak zabaltzea. "Helburua izan da txakolina ohiko testuinguruetatik ateratzea", azaldu du Infamek, kulturagaz duen lotura indartuz.

Bidea ez da erraza izan. Pandemiaren ondoren abiatu zen, eta hasierako urratsak motelak izan ziren arren, denboragaz Txakomic-ek bere lekua egin du, eta gaur egun jarduerek harrera beroa dute publikoaren aldetik.

Hazkunde horretan, egokitzeko gaitasuna giltzarri izan da. Arduradunek diotenez, argi ikusi dute proiektuak gorantz egin duela, eta horren erakusgarri dira azken urteetako emaitzak.

Guztientzako esperientzia

Egitasmoaren beste giltzarrietako bat aniztasuna da. Programazioa adin guztietara egokituta dago, eta gune berean elkartzen dira familia osoak. "Xedea adin guztietarako egokitutako eskaintza bat egitea da", diote.

Horrela, umeek tailerretan sortzeko aukera dute, bitartean helduek bestelako jarduerak gozatzen dituzten bitartean. Esperientzia partekatu bat da, non sormena, gastronomia eta aisialdia modu naturalean uztartzen diren.

Parte-hartzaileak aukeratzerakoan ere filosofia bera nagusitzen da: emaitza artistikoa baino, jendeagaz konektatzen duen esperientzia sortzea da gakoa.

Gainera, aurten, programazioa trinkotu dute, formatu argiagoa eskaini, eta aurten berrikuntza esanguratsu bat gehitu dute: azoka txiki bat, ilustratzaileek euren lanak erakutsi eta saltzeko aukera izan dezaten.

Aurreiritziak hausteko espazioa

Txakomic-en indarra aurreiritziak haustean datza; txakolina ez da etxeko ardo hutsa, ezta komikia umeentzat bakarrik ere, biak "unibertso aberatsak" baitira. Etorkizunean erronkak izango badira ere —bereziki finantziazioan eta berrikuntzan—, antolatzaileek baikor ikusten dute bidea. Azkenean, ekintzak erakusten du ustekabeko ideiek bide oparoak ireki ditzaketela. Eta hori da, hain zuzen, bere indargunea: ohikoa dena beste begi batzuekaz ikusteko aukera ematea. 

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun