Elkarrizketak

Ariane Ellacuria: "Sare sozialak ispilua dira, baina arazoa barnean dago"

Ander Zarraga 2026ko apirilaren 22a

Ellacuriak psikohizkuntzaren arloan ere lan egin du.

Psikologia kognitibo-konduktualean espezializatutako psikologo sanitarioa da Ariane Ellacuria leioaztarra. Bere lanean, helduez gain, umeak ere artatzen ditu, gaitasun intelektual handiak dituztenak tarteko. Bere lanean umeak bezala, gurasoak ere heztea ezinbestekoa dela dio.

Teknologia berriek eta sare sozialek umeengan duten eraginaren inguruan kezka handia piztu da. Nola aztertu duzu zuk gai hau?

Teknologiaren inguruan, zehazki, autoestimuaren gaia agertzen da askotan, eta ni ere horretan aritzen naiz: konparazioak, besteak bezalakoa izateko beharra... Horrelako arazoek izugarrizko eragina dute gazteen osasun emozional eta mentalean, eta egon daitezkeen arazoak saihesteko autoestimu independentea lantzen ahalegintzen naiz beraiekin; izan ere, pertsona gehienek autoestimu menpekoa dute, hau da, norbera baloratzen da besteen iritzien arabera. Aldiz, gu oinak lurrean jartzen saiatzen gara; azken finean, autoestimuak arlo guztietan eragiten duelako, eta sare sozialak horren ispilu bat besterik ez dira. Arazoa barnean dago, eta etxetik ere landu behar da: gurasoek eta irakasleek irakatsi behar dute balioa prozesuan dagoela, eta ez emaitzan bakarrik.

Gurasoen eta irakasleen papera berezikoa da beraz; beraiengandik hasi beharko litzateke lanketa?

Bai, noski; helduak eredu gara. Umeak ikusten badu gurasoa urduri jartzen dela laneko elkarrizketa baten aurrean edo itxuragatik kezkatzen dela, umeak ikasiko du bere balioa besteen iritziaren araberakoa dela. Horrelako kasuetan beti pentsatu behar dugu umeak esponjak bezalakoak direla: dena xurgatzen dute. Horrenbestez, kasu askotan, gurasoekin lan egitea ezinbestekoa da umearen prozesuak aurrera egin dezan.

Mugikorrek eta gizartean gero eta larriagoa den berehalakotasun horrek ere eragina dute gazteengan, ezta?

Noski. Mundua norberaren garapena baino azkarrago doa eta horrek ere eragin handia du. Estimulu asko ditugu eta dena unean bertan nahi dugu. Horregatik, frustrazioa kudeatzea oso zaila da, bai umeentzat eta baita helduentzat ere.

Gaitasun intelektual handiko gazteakaz ere bazabiltza. Zein arazo mota agertzen dira horrelako kasuetan? Arlo akademikoan estresa, frustrazioa, asperdura edo interes falta ager daitezke. Dena azkar eta ondo egin nahi dute, eta horrek ondoeza sortzen die.

"Psikologia kognitibo-konduktuala zientzia arloan emaitza hoberenak erakutsi dituen arloa da. Lan egiten da emozioekin, pentsamenduekin eta jokabideekin. Garrantzi handia ematen zaio nola kudeatu hori egunerokoan; pautak eta ariketak ematen ditugu"

Eta helduen kasuan, zeintzuk dira ikusten dituzun arazo nagusienak?

Bizitzako ohiko arazoak dira gehienbat: bikote harremanak, lagunak, lana... Asko datoz beren burua ulertzen ez dutelako; hau da, antsietatea eta ezinegona sentitzen dute, baina ez dakite zergatik den hori. Askok, denbora luzea daramate sentsazio fisiko txarrekin eta inolako konponbiderik bilatu gabe, «hau pasatu egingo da» pentsatzen dute, baina iristen direnerako antsietate edo depresio maila altua dute.

Lehen, psikologora joatea tabu samarra zen; aldatu egin da hori?

Niretzat premiazkoa da. Arazo fisikoekin medikuarengana joaten garen bezala, emozionalki gaizki gaudenean ere psikologoarengana joan beharko ginateke. Gazteak gaur egun kontzientziatuago daude eta ez dago hainbeste tabu. Helduen kasuan, oraindik kosta egiten da batzuetan; lehenago bidaltzen dute semea edo alaba beraiek etorri baino lehen.

Psikologia kognitibo-konduktualean espezializatuta zaude. Zer esan nahi du horrek?

Zientzia arloan emaitza onenak erakutsi dituen arloa da, emozioekin, pentsamenduekin eta jokabideekin lan egiten dugulako. Autoezagutza garrantzitsua da, baina baita egunerokotasunerako tresna praktikoak ematea ere. Jendeari ez dio balio hitz egitea bakarrik; jakin nahi dute zer egin frustratzen direnean edo antsietatea dutenean, eta horretarako pautak eta ariketak ere ematen ditugu.

Ispiluaren ariketa: "Maite dut nire burua, nahiz eta ikusten dudana guztiz gustukoa ez izan"

Eman dezakezu ariketa baten adibide bat?

Adibidez, esposizio teknikak daude. Pijama jantzita kalera ateratzea izan daiteke ba, kar-kar. Jende askok ezin du hori egin beldurragatik. Ariketa horien bidez, norberaren burua onartzen ikasten da, ispiluaren ariketaren bidez bezala: maite dut nire burua, nahiz eta ikusten dudana guztiz gustukoa ez izan.

Amaitzeko, Ellacuria Psikologia proiektuarekin hasi berri zara. Nolakoa ari da izaten hastapena?

Erabakia hartzea zaila izan da, baina ausarta naiz. Ilusioz egiten bada, zailtasunak gainditu egiten dira. Eskaria badago, eta pazienteak (edo bezeroak) gustura daudenean, zurekin jarraitu nahi dute leku batetik bestera joanda ere.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun