Elkartasuna, ikusgarritasuna eta familia sareak indartzeko hitzordua izango da Leioan maiatzaren 10ean

Izaro Garcia 2026ko apirilaren 29a

Ausarta Eguna maiatzaren 10ean ospatuko da, domeka. © LEIOAKO UDALA

Haurren minbiziaren errealitatea lehen planora ekartzeko eta familiei babesa erakusteko asmoz, ASPANOVAS elkarteak Ausarta Eguna aurkeztu du Leioan. Jardunaldi solidarioa maiatzaren 10ean egingo da, Leioako Udalagaz elkarlanean, eta herritarren parte-hartzea izango du ardatz.

Aurkezpena Kultur Leioan egin da, eta bertan iragarri dute eguneko ekitaldi nagusia: I. Ausarta Martxa Solidarioa. 11:00etan abiatuko da, Obeliskotik, eta 3,47 kilometroko ibilbidea izango du. Antolatzaileek azpimarratu dutenez, martxa ez da lehiakorra izango; inklusiboa eta familiarra da, edonork parte hartu ahal izateko diseinatua. Helburua urrats bakoitza haurren minbizia duten familien aldeko keinu kolektibo bihurtzea da.

ASPANOVASeko lehendakari Maria Jose Senra Martinezen hitzetan, jardunaldiak "elkartasunetik harago doan balioa" du: familiei bakarrik ez daudela gogoraraztea eta gaixotasun honen ikusgarritasuna handitzen jarraitzea. Ildo beretik, Leioako alkate Iban Rodriguez Etxebarriak gogorarazi du estatistiken atzean "izen propioak eta istorio ausartak" daudela, eta instituzioen konpromisoa ezinbestekoa dela errealitate hori ezkutuan gera ez dadin.

Goiza jarduera ugariz beteta egongo da Boulevardean: Ausarta Sarien banaketa, Tor Magoaren ikuskizunak, haurrentzako tailerrak, zumba saioa eta zozketa solidarioa. Giroari ukitu berezia emateko, 501 Legioa ere bertan izango da, eta eskaintza gastronomikoa ez da faltako, Balmasedako Putxera kofradiaren eta "Flores de Queso" proiektuaren eskutik.

Bildutako diru guztia Ausarta Egunara bideratuko da, minbizia duten adingabeentzako arreta integraleko espaziora. Proiektu horrek laguntza fisikoa, emozionala eta soziala eskaintzen die haurrei eta familiei, prozesu osoan zehar.

Erlazionatuak

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun