22 urte dituzu eta Artatzakoa, Leioako zara, ezta?
Hori da bai! Artatza auzokoa naiz, baina beti esaten dut Leioakoa naizela, bizitza osoa han egin baitut: eskola, institutua... Getxo eta Leioa arteko muga horretan dago Artatza, errepideak erdibitzen du auzoa; beraz, bietako bat esanda ere ondo dago.
Aurten debutatu duzu Surne Bilbao Basketeko lehen taldeagaz, baina harrobian urteak eman dituzu hori baino lehen.
Bai, hori da, aurten ACBn eta FIBAn debutatu dut Bilbao Basketeko lehen taldearekin. Hala ere, taldearen harrobian nago duela zortzi urte hasi nintzenetik. Azken lau urteetan lehen taldearekin entrenatzen aritu naiz, baina partidu ofizialetan aurten jokatu dut lehen aldiz.
"Pentsatu nuen ez zela errepikatzeko, baina begira, zortea izan dut eta aurten berriro bizi izan dut. Izugarria izan da"
A zer nolako urtea debutatzeko, ezta?
Pasada bat izan da bai! Dena batera egokitu zait! Iaz amorru pixka bat eman zidan ez debutatu izanak, klubak bere historiako Europako lehen kopa irabazi zuelako, eta, beraiekin entrenatzen egon naizen arren, ez nuelako partiduetan jokatu. Pentsatu nuen ez zela errepikatzeko, baina begira, zortea izan dut eta aurten berriro bizi izan dut. Izugarria izan da.
Nolakoa da eliteko saskibaloiaren dinamika? Kanpotik bezain serioa al da?
Oso serioa da, bai. Jaume Ponsarnaurekin goizez bakarrik entrenatzen dugu, baina goiz osoa ematen dugu entrenatzen. Horrez gain, bakoitzak badaki zer egin behar duen: fisioarekin egon, gimnasiora joan... Beste mundu bat da. Ondo pasatzen duzu, baina ez zoaz kuadrillarekin bezala "kolegeoan". Askoz profesionalagoa da eta serio hartu beharra dago.
Eta zer eskatzen dizu Ponsauk kantxara ateratzen zarenean?
Entrenatzaile guztiek gazteoi esaten digutena: dakiguna egiteko, lasai jokatzeko eta ez diogula inori ezer erakutsi behar. Hemen bagaudela zerbaitegatik dela esaten digu, eta batez ere, gozatzeko. Askotan, maila gorenean lehiatzen saiatzeagatik, ahaztu egiten zaigu garrantzitsuena esperientziaz gozatzea dela.
"Duela 15 urte Bilbao Basket harmailatik ikusten nuen nire aita eta anaiarekin, klubeko abonatuak ginelako, eta orain bertatik bertara bizitzen ari naiz. Aldaketa erradikala da, sinestezina. Hasieran, nire buruari galdetzen nion: "Zer egiten dut nik hemen?"."
Nola bizi izan duzu finalera iritsi, irabazi eta titulua ospatzeko prozesu guztia?
Ez dakit nola deskribatu. Duela 15 urte Bilbao Basket harmailatik ikusten nuen nire aita eta anaiarekin, klubeko abonatuak ginelako, eta orain bertatik bertara bizitzen ari naiz. Aldaketa erradikala da, sinestezina. Hasieran, nire buruari galdetzen nion: "Zer egiten dut nik hemen?". Banekien minuturen bat edukiz gero partidua erabakita zegoenean izango zela, beraz, ikusle pribilegiatu baten modukoa izan naiz, baina barrutik eta beroketa eta prestaketa guztiak eginda, baina partiduko presio itzel hori gabe. Hala ere, taldekideek beti esaten dizute meritu bera duzula, gogor entrenatu duzulako eta bidaietan beraiekin egon zarelako. Beraz, orokorrean oso ondo pasatu dut, eta benetan berezia izan ospatzeko aukera izatea.
Lehen taldeko izarrekin aritu zara jokatzen eta aldagelan. Izan da bereziki babestu eta aholkatu zaituen baten bat?
Guztiek, oro har. Elkarrizketetan esaten dutenean talde hau "piña" bat dela, egia borobila da, ez dute esaten ondo geratzeko. Nik lau urte daramatzat lehen taldearekin entrenatzen eta aurten inoiz baino gehiago nabaritzen da giro on hori eta energia positiboa. Horrek kantxan laguntzen du eta emaitzak hor daude: playoffetan sartzeko borrokan eta FIBA kopa berriro irabazita. Jokalari askok lagundu didate: Aleix, Stefan, Martin, baita nire posizioan dauden Melvin eta Harald. Hasieran lotsa handia ematen zidan galdetzeak, baina konfiantzarekin denei galdetzen joan naiz. Badakite laguntzeko zaudela eta beti gauza positiboak esaten dizkizute. Benetan esaten dizut taldearen barruan giroa ona dela esaten dutenean bentakoa da, eta, esan bezala, gauzak horrela direnean, emaitzak bakarrik heltzen dira.
Lehen taldeaz gain, 22 urtez azpiko taldean (U22) ere oso maila ona eman duzu, ezta?
Bueno, ez dut uste besteak baino gehiago nabarmendu naizenik. Konfiantza handiagoarekin jokatu dut, hori bai, banakielako taldeko zaharrena nintzela Javi Rodriguezekin batera. Iaz gazteenak ginen eta aurten zaharrenak, beraz, gure rola zein zen bagenekien eta hori helarazten saiatu gara. Ez dut nire buruaz hitz egiten zenbakiei dagokienez, baizik eta taldea egiteaz eta momentu zailetan animatzeaz. Lehen taldean ikasi dudan guztia 22urtez azpikoen taldean aplikatzen saiatu naiz, eta aurten lesioekin zorte txarra izan dugun arren, gozatu egin dugu.
Zure ibilbideari erreparatuta nolakoak izan ziren zure hastapenak?
San Bartolomen hasi nintzen minibasketen. Gero bi urte egin nituen Leioan haur-mailan, ostean beste bi edo hiru urte egin nituen Askartzan, eta azken zortzi urteetan Bilbao Basketen. Mugimendu pixka bat izan dut, baina beti inguru honetan. Leioako talde ia guztietatik pasa naiz!
Askartza Saskik omenaldia ere egin zizun sare sozialetan. Zer esan nahi du horrek zuretzat?
Nire aitak eta nire anaia txikiak Askartzan jokatzen jarraitzen dute, eta kluba harro zegoen nik egindako bideaz eta argazki bat eta argitalpen bat igo zituzten sare sozialetara. Oso polita izan zen.
Kaletik zoazenean ezagutzen zaituzte jada "txapeldun" gisa?
Errealistak izan gaitezen: niri ez nau inor ezagutzen, eta ez dut espero ezagutzerik ere! Kar-kar. Egia da batzuetan Athletic-eko jokalariekin gertatzen den bezala ez dizutela aurpegira esaten, baina alboan pasatzean elkarren artean hizketan entzuten dituzula: "Begira, hori Bilbao Basketekoa da...". Hala ere, nahiago dut ez ezagutzea, lotsa handia ematen dit eta! Izan daiteke askorentzat erreferente modukoa izatea, baina ez diot garrantzi handiagorik ematen. Oinak lurrean izan behar dira, nik oraindik ez baitut ezer demostratu saskibaloian.
"Maila gorenean jokatu nahi dut, nire lanak ematen didan neurrian. Baina ikasketak ateratzea ukaezina da; saskibaloiak huts egiten badu, zerbait eduki behar duzulako atzetik, eta etxean ere adi daude horrekin"
Nola ikusten duzu Bilbao Basketeko harrobiaren egoera?
Nik bizi izan dudanaren arabera, gutxiagotik gehiagora joan da. Proiektu txikia zena, gaur egun zortzi talde baino gehiago izatera igaro da, eta aurten emakumezkoen taldea ere atera dute. Hasieran kadete eta junior talde bakarrarekin hasi ziren, gero infantila eta seniorra, eta orain emakumezkoena ere sortu dute. Pauso gehiago emango dituzte, ziur. Lan oso ona egiten dira. Sakrifizio handia eskatzen du (lau egun entrenatzen, asteburuak kanpoan jokatzen, lagunekin edo familiarekin afariak galdu...), baina gustuko baduzu, merezi du. Hobekuntza ikusten da eta aukerak ematen dira. Sakrifizioak bere onurak ditu.
Saskibaloiaz gain, ikasten jarraitzen duzu? Nola ikusten duzu da zure etorkizuna?
Oso galdera ona, ez dakit! Kar-kar. Magisteritza ikasten ari naiz online, saskibaloiko entrenamenduekin uztartzeko. Nire helburua saskibaloian jokatzen jarraitzea da, nire gorputzak "nahikoa da" esan arte. Nire aitaren adibidea dut, 50 urte baino gehiagorekin jokatzen jarraitzen baitu. Maila gorenean jokatu nahi dut, nire lanak ematen didan neurrian. Baina ikasketak ateratzea ukaezina da; saskibaloiak huts egiten badu, zerbait eduki behar duzulako atzetik, eta etxean ere adi daude horrekin, beraz ez dut aukera askorik! Sasibalo profesionalean edo ACBn izan, garrantzitsuena lehiatzea eta saskibaloiaz gozatzea da, horregatik hasi nintzen-eta jokatzen.
Hori da jarrera, Kepa. Eskerrik asko eta zorte on!
Eskerrik asko zuei niri elkarrizketa egiteagatik, plazer bat izan da!