Asto-proben aurkako herri-ekimenaren sustatzaileek errekurtsoa aurkeztu dute

Izaro Garcia 2026ko maiatzaren 20a

Udalak erabaki beharko du aurkeztutako errekurtsoa onartu edo ez. © LEIOAKO ANIMALIEKIKO TRATU TXARRIK EZ

Leioako San Bartolome jaietako asto-probak beste jarduera bategaz ordezkatzeko herri-ekimenaren sustatzaileek, Leioako Animaliekiko Tratu Txarrik Ez plataformak, berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu dute Leioako Udalean. Ekimenaren bidez, gainera, eskatu dute Udalak ez antolatzea, ez diruz laguntzea eta ez espazio edo eraikin publikorik uztea animaliakaz harri-arraste probak jasotzen dituzten jai edo ekitaldietarako.

Sustatzaileek 2025eko irailean hasi zuten prozedura, eta, Udalaren arabera, ekimena izapidetu ahal izateko 18 urtetik gorako erroldatuen %10en babesa behar zuten; hau da, 2.749 sinadura. Plataformak 3.115 sinadura aurkeztu zituen martxoaren 31n, baina Udal Idazkaritzak hainbat akats atzeman ditu dokumentazioan.

Leioako Udalak azaldu du espedientea oraindik ez dagoela ebatzita, eta sustatzaileek maiatzaren 19ra arteko epea zutela dokumentazioa zuzentzeko. Udalaren esanetan, aurkeztutako sinaduretatik 683 ez lirateke Leioan erroldatutako pertsonenak, eta 115 sinadura baino gehiago bikoiztuta egongo lirateke; kasu batzuetan, gainera, sinadura bera hiru aldiz ageri dela adierazi du.

Horren ondorioz, Udalaren arabera, baliorik gabeko sinadurak kenduta ez lirateke helduko herri-ekimena izapidetu ahal izateko beharrezko gutxienekora. Horrez gain, sinadurak ez direla notario aurrean edo legez aitortutako beste formula baten bidez egiaztatu nabarmendu du, baita bestelako forma-akatsak badaudela ere; besteak beste, proposatutako arau-aldaketaren baldintzak eta terminoak ez direla behar bezala zehazten eta planteatutako debekua "orokorregia" dela.

Sustatzaileek, ordea, errekurtsoan salatu dute Udalak ez duela behar bezala argitu zer sinadura baztertu diren eta zergatik. Haien esanetan, sinaduren inguruko ziurtagiri orokor bat baino ez dute jaso hasieran, eta horrek "babesgabetasuna" eragin die. Halaber, errolda historikoa berrikusteko eskatu dute, sinatzaileak sinadura eman zuten garaian Leioan erroldatuta zeuden ala ez egiaztatzeko.

Plataformaren ustez, Udalak ezarritako baldintzak "praktikan gaindiezinak" dira herritar talde batentzat. Diotenez, "ezinezkoa" da milaka lagun notariotza batera eramatea parte-hartzeko eskubide bat gauzatzeko, eta prozesuak dakarren kostu ekonomikoak herri-ekimenak sustatzeko aukera asko zailtzen du.

Horregatik, errekurtsoan eskatu dute Udalak onar dezala fede-emaile bereziaren figura, sinadurak egiaztatzeko bide gisa. Sustatzaileek diote formula hori beste erakunde eta prozedura batzuetan erabiltzen dela, eta herritar batek sinadurak bildu eta egiaztatzeko aukera ematen duela, notarioaren beharrik gabe. Euskal Autonomia Erkidegoko udalerri handien araudia alderatzen duen txosten batean ere jasotzen da Leioak baldintza zorrotzagoak dituela beste udalerri batzuekaz alderatuta, bereziki sinadura guztiak egiaztatuta aurkezteko eskakizunari dagokionez.

Orain, Udalak erabaki beharko du aurkeztutako errekurtsoa onartu edo ez, eta herri-ekimenak tramitazioan aurrera egiteko aukerarik izango duen.

Erlazionatuak

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun