Denboraldi hasieran, hala ere, igoera ez zen helburu nagusia. Talde gaztea izanik, asmoa haztea, esperientzia hartzea eta pausoak ematea zen. Baina emaitzak lagun, konfiantza handitzen joan zen: "Partidaz partida joan gara. Emaitzak hasieratik onak izan ziren, eta lehen itzulia bukatuta, Granollersen irabazi genuenean, esan genuen: eta zergatik ez?".
Azken partida aste berezia izan zen taldearentzat; izan ere, Askartzak bazekien garaipenak igoera emango ziola, baina ez zuten presioari tarterik eman gura izan. "Astean zehar ia ez genuen horretaz hitz egin. Oso jokalari gazteak dira, eta entrenamenduetan jokoak egin genituen buruari bueltak ez emateko. Oso ideia ona izan zen", azaldu du Isusko Arias entrenatzaileak.
"Partidaz partida joan gara. Emaitzak hasieratik onak izan ziren, eta lehen itzulia bukatuta, Granollersen irabazi genuenean, esan genuen: eta zergatik ez?"
Baina Mallorcaren aurkako neurketa ez zen erraza izan. Partida parekatuta hasi zen, eta presioa nabari zen. Hala ere, Askartzak bere jokoari eutsi zion; hau da, defentsan sendo aritu ziren, baloi bakoitza borrokatuz eta abantailak heldutasunez kudeatuz. Azkenean, 12-9ko garaipenak poza leherrarazi zuen igerilekuan.
Taldearen sekretua, euren esanetan, ilusioa eta batasuna izan dira. "Familia baten ilusioa izan da, elkarrekin helburu bat lortzekoa. Oso gogor entrenatu dute", nabarmendu du Ariasek. Prestaketa fisikoak ere pisu handia izan du denboraldi osoan, eta bereziki azpimarratu dute Jon Errazti bigarren entrenatzailearen lana: "Gakoa izan da".
Igoera honek esanahi berezia du Askartzarentzat, harrobiko jokalariakaz lortutakoa delako. "Harrobiko jokalariekin Lehen Mailara igotzea posible dela erakutsi dugu. Oso harro nago benjaminetatik klubean dauden jokalariak maila honetan ikusteaz. Horrek hunkitzen nau", adierazi du entrenatzaileak.
Datorren denboraldian erronka handia izango dute aurretik: mailari eustea. Badakite zaila izango dela, baina ilusioz begiratzen diote etapa berriari. Horrez gain, klubeko neska gazteentzat erreferente izaten jarraitu gura dute: "Neska asko ditugu klubean, eta familia bat garela erakusten jarraitu nahi dugu".
"Neska asko ditugu klubean, eta familia bat garela erakusten jarraitu nahi dugu"
Askartzaren igoera, beraz, talde gazte baten hazkunde gisa ulertu behar da, harrobiaren indarra eta elkarregaz sinetsitako amets baten saria.