San Bartolomeko auzo elkarteak asto-probak kentzea babestu du

Izaro Garcia 2026ko uztailaren 6a

Eztabaidak oihartzun handia izan du azken asteotan.

Azken batzar nagusian egindako bozketan, 18 lagunek jarduera kentzearen alde egin zuten; bik baino ez zuten mantentzearen alde bozkatu.

San Bartolomeko auzo elkarteak bat egin du auzoko jaietako asto-probak kentzea eskatzen dutenekaz. Azken batzar nagusian landu zuten gaia, eta bozketaren emaitza nahiko erabakigarria izan zen: 18 boto jarduera kentzearen alde, bi mantentzearen alde eta abstentzio bat.

Erabaki horren bidez, auzo elkarteak babesa erakutsi dio azken asteotan Leioan indarra hartu duen eskaerari. Jarduera kentzearen aldekoek uste dute asto-probek animalien ongizatea arriskuan jar dezaketela, eta, horregatik, bestelako aisialdi jarduerakaz ordezkatzea proposatzen dute.

Eztabaidak oihartzun handia izan du azken asteotan. Duela bi aste, herriko animalien aldeko kolektibo batek 3.026 sinadura aurkeztu zituen Leioako Udalean, herri ekimen baten bidez asto-probak egitarautik kentzea eskatzeko. Hala ere, sinadura guztietatik ia 700 ez ziren Leioan erroldatutako herritarrenak, eta beste ehun bat baino gehiago bikoiztuta zeuden. Horren ondorioz, 2.000 inguru izan dira baliozkotutako sinadurak.

Kanpainaren sustatzaileek adierazi izan dute Udalak orain arte defendatu duela jai batzordeek prestatutako egitarauak auzoko bizilagunen «behar eta nahiak» islatzen dituela. San Bartolome auzo elkartearen azken erabakiak, ordea, eztabaidari beste osagai bat gehitu dio; izan ere, auzoko elkarteak berak ere asto-probak kentzearen aldeko jarrera hartu du.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun