Armintzan hildakoaren senideek ez dute uste istripua lan-ezbeharra izan zenik

Iker Rincon Moreno 2016ko mar. 9a, 17:30
Armintzako portua. cc-by-sa Javier Mediavilla Ezquibela.

Joan den zapatuan Armintzako portuan hildako langilearen familiak zalantzan jarri du ezbeharra "lan istripu" baten ondorioa izatea, ELAk ohar baten bidez salatu duenaren kontra. Halaber, sindikatuak biharko, eguena, deitutako elkarretaratzearen kontra agertu eta euren baimenik ez dutela jakinarazi dute sendiek, "El Mundo" egunkariak zabaldu duenez. Familiak, halaber, jakinarazi du oraindik ez dagoela informazio forentserik argitzeko zein izan zen euren senidearen heriotzaren zergatia. Halaber, ezbeharra lan-istripu bat izan zelaren "zalantza handiak" dituztela gaineratu dute.

Joan den zapatuan, hilak 5, Armintzako portutik behera eroritako gizonezkoa "lan istripu" baten ondorioz hil zela salatu du ELA sindikatuak. Ohar baten bidez jakinarazi dutenez, 58 urteko mungiarra Bidezain S.L. enpresako langilea zen. Errepideak garbitzen zituen, eta maniobrak egiten ari zela erori zen uretara, bere lanaldia amaitutakoan.

ELA sindikatuak elkarretaratzea deitu du biharko, eguena, LAB, ESK, Steilas, EHNE eta Hirugaz batera, Bidezain S.L. enpresaren egoitzaren parean, Getxon.

ELAren arabera, 2016an 12 behargin hil dira daborduko Hego Euskal Herrian lanean zebiltzala.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun