Elkarrizketak

Miguel Madariaga: “Euskal txirrindularitza larri, hilzorian dago”

Iñigo Fernandez de Martikorena 2015ko ots. 26a, 13:00

Miguel Madariaga. HODEI TORRES

Miguel Madariaga lemoiztarra Euskadi Fundazioa gidatzen dabil. Konfiantzazko tropelean 22 urte eman ditu morroi, esprinterren distira bilatuz. Marinel, taxista zein Kas eta Fagor taldeetako auto-gidari izan da gaur egun Mungian bizi den 70 urteko Madariaga. 1983an sortu zuen fundazioa. Gero, heldu ziren Euskaltel-Euskadi eta UCI World Tour, Euskaltelekiko desadostasunak eta desagerpena. Iaz talde kontinentala "itxi" behar izan zuen. 23 urte azpikoen elite taldea aurkeztu berri du.

Talde berria errepidean da. Aurreko urteotan jazotakoa ikusita, mantendu izanaz harro zaude?

Orain dela 22 urte hasi zen Fundazioaren proiektua. Nik 47 urte daroatzat txirrindularitzan. Hasi ginen ideal bategaz: Euskadiko txirrindulariei ez zeukaten irtenbidea ematea. Alberto Pradera diputatu nagusia buru zela, Juan Carlos Urrutxurtu eta beste hirugaz egin genuen bidea. Zer pasatu zen? Lar ondo hasi ginen; estudiatu barik talde profesional bat zer zen, hori argitzea kostatu zitzaigun. Hasieran jende asko egon zen, gero dirurik ez zenez denek lepoa eman eta ia bakarrik lotu nintzen. Albertok ez zuen aurrera egiteko indarrik izan, denborarik ere ez.

Alberto Praderaz zabiltza?

Bai. Gogorra eta oso tristea izan zen, baina Urrutxurtuk eta biok aurrera egin genuen. Egindako lana oso ona izan zen baina harrobian lan gehiago egin beharra dago. Nortasuna hartu genuenean talde guztietan lirura sorrarazi genuen, sartu zen Euskaltel eta sartu ziren instituzioak, onena izan zen hori. Jose Luis Bilbao bigarren diputatua zen eta indar handia egin zuen. Hortik aurrera, harrobia indartu eta mailak kateatzea lortu genuen. UCI World Tour hasi zenean, Fundazioa eta biok barrura sartu ginen, munduko karrerarik handienak egiteko asmoz: Tourra, Giro, Vuelta, bost monumentuak eta abar.

Milan-San Remo, Flandriako Tourra, Paris-Roubaix, Lieja-Bastogne-Lieja eta Lonbardiako Giroa, alegia.

Bai. Katea behar zen, txirrindulariak kolpean ezin zirelako lehenengo mailara pasatu, salto handia zen. Gero ekipo kontinentala sortu genuen Orbeagaz eta afizionatu talde bat. 2012ko akabuan Euskaltelek hartu zuen talde nagusia, ni aparte utzita, ez zutelako atzerritarrak ekartzeko nire baimena lortu; haiek beste helburu batzuk zituzten. 2013an eta 2014an bultzada eman diot afizionatuen mailari eta kontinentalari. Azken horrek ez du irtenbiderik: karrera gutxi dago eta txirrindulariei pagatu egin behar zaie. Gure lekua Muriasek hartu du. Orain afizionatu mailako taldea dugu, formaziorako. Fundazioan medikuak, Zuok enpresa... ditugu. Txirrindulariek ez dute inora joan beharrik. Horrek segitzeko indarra ematen digu, txirrindularitzak Euskadin duen egoeran...

Taldera bueltatuz, zelan daude 19 txirrindulariak?

Taldea berez oso ondo dago; talde legez lan egitea lortu dugu. Ez digu hainbeste estutzen karrerak irabazi behar izateak, sozioen eta EDP babeslearen baimenak ditugulako. Serbitzu enpresak ere laguntzen gaitu. Aurton, diru aldetik gutxi falta da aurrekontua orekatzeko, eta proiektua lau urtez zuzentzeko.

Taldean Ander Plazaola getxoztarra dabil, ezta?

Ondo dabil Ander, progresioa aurrera daroa eta le­henengo egunetik grina nabari zaio. Txirrindularia izateko lehenengo eta behin ahalmena behar duzu,  eta burua ere ondo jantzita izan. Osterantzean ez dago zer eginik. Eta burua ondo jantzita dauka Anderrek. Gainera kazetaria da.

Ekipo tekniko berak jarraitzen du?

Bai. Uste dut Euskadin dagoen zuzendaririk onena Gorka Gerrikagoitia dela. Nire lekua hartzeko martxan dago eta hori gura dut, ni jada kantsatuta nago, hainbeste palu hartzeaz. Gero, Jorge Azanza txirrindulari ibili da bederatzi urtez; Iñaki Isasi nigaz egon da txirrindulari eta zuzendari. Taldea oso neurtuta dago eta gauza asko egin daiteke.

Gorkak zure lekua hartzea... fundazioaren buru?

Ez. Fundazioak bi adar ditu. Batetik, kirol maila: taldearen eta horren ardura guztia nire azpian eramango du Gorkak, nik jada ez baitut gura enfrentamendurik inogaz. Bestetik, umeen ardura dago. Urtero 2.500-3.000 neska-mutil, pasatzen dira hemendik; aurton apur bat gutxiago. Egunean 3 eskola-ordu dituzte. Eskoletatik hona datoz 8 eta 11 urte gaztetxoak, bide-hezkuntza jasotzeko. Niretzat gauzarik inportanteena da txirrindulagaz ibiltzen jakin dezatela: hemen dituzte 40 bizikleta, zirkuituak adinaren arabera prestatuta, eta tailerrak ere ematen zaizkie. Gainera, eskola dugu 38 neska-mutilakaz, Dorleta Zorrillak eta Ibaiak ematen dituzte eskolak; eta hori da Fundazioaren beste adarra, umeak eta gazteak bidean gogortzea.

Umeei begirako proiektu denak mantendu dituzue?

Bai, mantendu eta gogortu. Eskaera handia daukagu. Errepidera irten aurretik, urte batzuetan, BTT mailan egoten dira, arrisku txikiagoa dagoelako. 2016rako kadete talde bat egingo dute hona datozen umeakaz.

Posible litzateke 1.700 bazkideren laguntza barik?

Ez. Zoritxarrez, gainera, aurten batzuek laguntzeari utzi diote. Krisiak eragin handia izan du, baina era berean, askok esan digu: "jada ez dugu talde profesionalik eta guk Tourrera joateko baimena nahi dugu". Ezin da. Bazkideakaz batera, Uribe Kostako hainbat udal dira laguntzaile, eta hori Fundaziorako zoragarria da, indar handia ematen digu.

Domekan lortu zenuten lehenengo podiuma.

Tourrean, Giroan, Vueltan... ez dugu inoiz izan erreferente bakarra, Samuel kenduta; txirrindulari diferenteakaz egin dugu, talde bezala indartsu ginelako eta talde legez egiten genuelako aurrera. Talde honetan ere zoragarria izango da horrela jarraitzea. Domekan podiuma egin zuen batek, beste egun batean egingo du beste batek. Hori da politena.

Halere, inportanteena formazioa da.

Ikastea; erakustea guk eta ikastea eurek.

Balioak ere transmititu gura dituzue.

Gure balioak beti dira berak: hemen jaiotako edo hemen trebatutako txirrindulariak laguntzea. Kanpoko txirrindulariak 16-17 urtegaz hona sartzen hasi dira, hau bezalako proiekturik inork ez duelako.

Iaz laga behar izan zenuten talde kontinentala.

Kontu triste eta gogorra izan zen. Ikusten genuen horrela segiduz gero, urtea zuloagaz amaituko genuela. Orain dela 22 urte izan nuen zulo bat eta, hori tapatu ezinik, gauza asko pasa ziren nire inguruan eta nire bizitzan; hori ez dut berriro ikusi gura. Txirrindulariakaz berba egin genuen, akabuko eurora arte kobratu dute. Dena likidatu genuen, egin behar zen moduan, eta gaur egun Fundazioak ez du superabitik, ezta zorrik ere!

Euskal Herrian talde kontinental bi behar direla esa­na duzu. Aurten Jon Odriozolaren Murias proiektua aurrera atera da, zelanbait Fundazioaren lekua hartuz. Tartean Jaurlaritza, Federazioa eta Baque-Camposen proiektuak bidean gelditu dira.

22-23 urteko txirrindulari lar dago Euskadin. Horientzat beharrezkoak dira talde kontinental bi, eta kontinental-pro talde bat ere, Caja Rural bezalakoa. Caja Ruralek, normala denez, hemengo eta kanpoko txirrindulariak ditu, Movistarrek bezala. Bitartean, talde afizionatuak ez dira desagertu behar. Ni esan eta esan nabil, baina inork ez du kasurik egin gura. Bai, Muriasek taldea atera du, baina afizionatu mailako txirrindula-talde bi joan dira kalera, eta berririk ez dago. Nora goaz horrela? Zortzi mutil lotu dira talde barik eta ate joka dabiltza. Bizkaiak aterako du igual talde bat, baina tapatzeko mutil horiena. Uholdea dator, eta estalkiak besterik ez gaude ipintzen; urak  egun batetik bestera aurretik eramango ditu. Horixe da Euskadiko txirrindularitzak daukan problema.

Talde nafarrak, Movistar, antzina Reynolds zena, eta Caja Rural erreferente bilaka daitezke?

Aurton hasi diren karrera guztietan lehenengo hamarren artean dabiltzan txirrindulari denak Fundazioan egondakoak dira. Horiek kaduzidade bat dute, edadea gorantza doa-eta. Nork ordezkatuko ditu Movistarren eta Caja Ruralen? Caja Ruralek harrobia ondo lantzen du baina 22 txirrindulari ditu jatorri askotakoak. Euskadin ez dago borondaterik akatsa non dagoen antzemateko. Zer pasatuko den? Ni pozik gelditu nintzen irakurri nuenean Gobernuak talde bat aterako zuela, eta gauzak lar ondo egin ez arren, uste dut saiatzen segituko duela. Muriasek eta Jon Odriozolak, uste dut, ez dutela argi zer topatuko duten txirrindularitzan. Egon dira Algarven korritzen eta mutilek nahiko egiten dute, baina taldea eusteko dirurik badago? Haiek espero duten moduan, laguntza emango du Gobernuak? Ez dakit, azken hiru urteotan Gobernuak ez nau lagundu. Nik eskatzen segitzen dut. Ez da ispilu ona aurpegia begiratzeko duguna, ez Muriasek eta ez inork ere.

Emakumezkoetan, Lointek, Durango-Bizkaia eta KZ Emakumeen Bira daude. Egoera okerragoan daude?

Okerrago ez. Lan egiten dute eta haien lana gauza handia da. Emakumeen txirrindularitzak laguntza gehiago behar du. Guk Emakumeen Birarako eta beste proba batzuetarako gure kamioneta utzi dugu, laguntzeko. Nik gehiago ezin dut egin, guri ere dirua ez baitigute ematen.

Erakundeek gero eta laguntza gutxiago. Zaleen aldetik ikusten duzu laguntzeko joera ala zain daude?

Bai txirrindularitzan eta bai leku guztietan ohitura da beste batzuek lan egitea eta norberak loreak jasotzea. Hori amaitu da. Adibidez, negozioari eusten dion Federazioak zer eman diezaioke emakumeen txirrindularitzari? Egin behar dena da denak batu, akatsak non dauden topatu eta, batak besteari zapaldu barik, denon artean aurrera egin. Euskal txirrindularitza larri, hilzorian dagoela diodanean segidan telefonoak jo eta "hori ezin duzu esan, afizioa atzera botako duzu eta!". Ez; afizioak badaki.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun