Mikel Landa arabarrak batera jardungo du Euskadi Fundazioko Patronatuaren presidente eta txirrindulari profesional, Nafarroako Movistar taldean. Ez du uste horrek arazorik sortuko dionik: "bi proiektu desberdin dira. Nik Movistarrekin lehiatzen izango dut burua, baina ahalik eta gehien laguntzen saiatuko naiz. Gainera, nire lan taldeak gertutik jarraituko du fundazioaren egunerokoa. Pertsona askok eskaini didate baita ere euren laguntza". Edozein kasuan, Landaren asmoa da orain arteko oinarriak mantentzea eta taldea euskal txirrindulariz osatuta egotea: "Euskal txirrindulariek eta gure lurretan hazitakoek osatuko dute taldea" baieztatu zuten atzo Landak eta Madariagak.
Miguel Madariagak baikortasun-puntua atera zuen atzo, urteotan laguntza publikoak eta pribatuak murrizten zirela ikusi ondoren: "gure artean oztoporik jartzen ez badiogu, bere garaian iritsi zen lekura irits daiteke proiektu berri hau", Euskaltel Euskadi txirrindulari-taldea gogoan. Azken helburua Pro Tour mailako taldea osatzea bada ere, goizegi da esateko datorren denboraldian taldea maila kontinentalean edo amateurrean lehiatuko den. Landaren fitxaketak erakar ditzakeen laguntzaile berrien arabera izan liteke hori. Landak oinarrira jo du, oraingoz: "helburua fundazioa salbatzea da, eta bete betean egingo dugu lan datorren sasoiko taldea osatzeko. Ikusiko dugu zein mailatan".
Harrobiko ordezkoa
Helburuak betetzeko oinarri garbia izango du Landak: Madariagak eta bere taldeak utzitako zorrik gabeko fundazioa, aurton 280.000 euroko aurrekontuagaz. Diru gehiena bazkideek eta babesleek egindako ekarpenak dira. Madariagak eta Landak orain arteko konfiantza mantentzea eskatu zieten bazkideei eta baita pazientzia apur bat ere, kirol-emaitzei dagokionez. Landak azaldu zuenez, "umiltasun osoz nator, eta ezinbestekoa da zuen laguntza eta elkarlana. Merezi du fundazio honen alde borrokan jarraitzea, txirrindulari izan nahi duten gaztetxo askoren ametsa egi bihurtu ahal izateko".
Landaren inplikazioa ezin da ulertu Euskadi Fundazioak bere karreran izan duen eragina ezagutu barik. "Ezin nuen beste alde batera begiratu. Txirrindulari moduan naizen guztia, fundazioari zor diot, Behar nuen guztia eman zidaten txirrindulari izateko, eta bai fundazioari, baita txirrindularitzari ere eman didatenaren zati bat itzuli nahi diet", azaldu zuen arabarrak. Uste osoa du orain arte fundazioa kudeatu dutenengan, eta ez du aldaketa handirik aurreikusi.
Landak emandako pausoa txalotu du Madariagak: "harrobirako ezinbesteko urratsa da", azaldu du. Azken hilabeteotan txarto pasa duela aitortu du lemoiztarrak, eta gogorazi du Landak fundazioaren inguruan galdezka deitu zion eguna. "Torrueko erlojupekoaren egunean izan zen. Galdetu zidan ea egia zen esaten zena, eta fundazioa egoera zailean ote zegoen. Baietz erantzun nion, eta esan zidan lasai egoteko, deituko zidala. Esan zuen guztia bete du. 20 minutu baino ez genituen behar izan ados jartzeko", kontatu zuen atzo Madariagak. Bere ustez, Euskadi Fundazioak sorreratik izandako balioak islatzen ditu Landak.
Landak Fundazioko bazkideei bidalitako oharra
Fundazioko bazkideei bidalitako oharrean, honakoa adierazi zuen Mikel Landak: "Fundazioak ahalik eta babes handiena behar izan duen une hauetan, proiektuari bultzada bat emateko laguntza aurkeztu dut Patronatuko kide izanda. Ilusio eta gogo handiarekin batzen naiz proiektura. Fundazioak euskal txirrindularitza bultzatu du 1993. urtetik eta horretan jarraitzeko ahalegin guztiak egingo ditut. Umiltasun osoz batu nahi naiz proiektu honetara. Ezin dut ahaztu urte hauetan guztietan Miguel Madariagak egin duen lana eta eskerrak eman nahi dizkiot nigan konfiantza izateagatik. Gustatuko litzaidake gai izatea berak euskal txirrindularitzagatik egin duen lanaren parean egon ahal izatea".
Madariagak Fundazioko bazkideei bidalitako oharra
Euskadi Fundazioko presidentea izan den Miguel Madariagak, bere aldetik, idatzi hau bidali zien bazkideei: "2018an Fundazioak 25. urteurrena beteko du. Urte hauetan guztietan 'Euskadi'ren izena eraman dugu munduko errepideetatik eta ohore bat izan da guztiontzat. Azken urte hauek, ordea, oso txarrak izan dira Fundazioarentzat eta egitura horretan aldaketak egin beharra izan dugu. Arrazoi horiek direla medio eta neke pertsonalaren ondorioz, alde batera egitea erabaki dut. Izen eta aurpegi berriak behar genituen eta orduan azaldu da Mikel Landa. Gure harrobian hazitako txirrindularia da, eta nor hobeto proiektu berri hau bideratzeko. Baliabide materialak eta pertsonalak jarri ditu Fundazioaren eskuetan. Ondorioz, inor hoberik ez dago proiektu honen buruan egoteko".