Eusko Jaurlaritzak proposatutako proiektuak lanpostuak sortzea ahalbidetuko lukeen arren, Equo alderdi ekologistak uste du egitasmo horrek ez duela EAEko arrantza-sektoreak dituen arazoak konponduko. Aldiz, arrantza artisau-sistema baten aldeko apustua egitea gomendatu dute, "gainarrantzaren ondorioz arriskuan dauden espezieen biziraupena bermatu ahal izateko".
Era berean, proiektuaren nondik norakoak ezagutzeko zain dago Equo, "arrain-haztegi horretan haziko dituzten espezieen tratamendua eta elikatzea zer-zelakoa izango den jakiteko, ingurumen-inpaktua ebaluatu ahal izateko".
"Mota honetako instalazioek antibiotiko eta pestizida asko erabili ohi dituzte euren produkzioetan; medikamentu horiek itsasora isurtzen dira eta itsas-hondoari eragiten diote", ohartarazi dute Equokoek.
Lemoiz Birziklatu egitasmoa, Ezker Anitzaren proposamena
Ezker Anitzak, bere aldetik, zentral nuklearraren eremuan haize- eta eguzki-energia sortzeko kogenerazio zentrala egitea proposatu du, Lemoiz Birziklatu izeneko egitasmoagaz. Azaldu dutenez, zentral publiko horrek energia berriztagarriak erabiliko lituzke eta 20,1 milioi euroko inbertsioa beharko luke. Hori dena 16 urtean amortizatuta egongo litzatekeela baieztatu dute alderdi ezkertiarrekoek, gainera, modu horretan 11.700 etxebizitzarako elektrizitatea sortuko lukeela jakinarazi dute.