Miribillako Bizkaia frontoia armintzarren derbia eta festa izan da gaur iluntzean. Esteban Gaubeka beteranoak apurtu du pilotaleku horrek eragiten zion "malefizioa"; hala, gaurkoan jantzi du 2010ean Bilboko Kirol Klubean irabazi zuenetik lortzen ez zuen banakako txapela. Bere bosgarrena da jada.
Gaubekaren aurrean, Erik Zubirik erakutsi du txapeldunagaz berdinetik berdinera joka dezakeela, munduko finalean. Horretarako, frogatuta utzi du sakea ondo baino hobeto erabiltzen badakiela. Azkenik, Armintzako herriak eta zaleek berriro ere baieztatu dute tradizioa ez ezik, goi-mailako palista onenak ere badituztela. Harmaila beteta egon da, eta 800 bat ikuslek final biez gozatu dute. Banakakoaren aurretik, Custom emakumezkoen binakako sariketako finala jokatu dute. Larrartek eta Erasunek 30-19 irabazi diete Goikoetxeari eta Arrillagari, gomazko paletagaz jokatutako partiduan.
Jokaldi luzeak nagusitu dira armintzarren derbi lehiakor eta estuan. Lehenengo jokoa 10-9 irabazi du Gaubekak, Zubirigaz 9-9 berdinduta ibili ostean. Bigarren jokoa aurrekoaren antzera joan da, eta "Oilarra" berriro ere nagusitu da azken momentuan, 10-8 irabazita.
Orduan etorri da gaztearen erreakzioa: Zubirik arriskatu du eta metatu izan ditu tantoak bata bestearen atzean. Joko horretan, Gaubekak pala apurtu du, baina pilota jokatzen segitu du eskuan geratzen zitzaion zatia erabiliz. Erakustaldi bikaina eman arren, puntua Zubirirentzat izan da. Halere, harmailak txalo-zaparrada luzea eman dio "Oilarrari". Jokoa 2-10 bukatu da, Zubirirentzat.
Laugarren jokoa, ostera, normaltasunera eta berdinketara bueltatu da. Zubirik irabazi du, baina modu estuan: 8-10. Hala, bosgarren jokoa hasi denean, aukera denak irekita egon dira; jokalari biak lehiarako prest agertu dira. Gaubekak 9-8 markagailuan kokatzea lortu du eta Zubiriren azken sakeak eman dio garaipena. Izan ere, falta bi egin ditu gazteak, eta 10. tantoa eta txapela oparitu dizkio herrikideari.