Atzo, Espainiako aurrekontuak bozkatu zituen Senatuak eta Alderdi Popularrak aurkeztutako 5.377 emendakinari bidea eman zion. Testu aldaketa horrek ezabatu ditu aurrekontuetatik Biscay Marine Energy Platform SA (Bimep) itsas energia berriztagarria ikertzeko, probatzeko eta ustiatzeko sozietaterako aurreikusita zeuden 3 milioi euroak; emendakinak diru-kopuru hori bideratu du nekazaritza-ureztatzeak elektrizitatearen gaineko zerga berezitik salbuetsita gera daitezen, NATOko armadak eta nazioarteko eragileak legez. Aurrekontuetan zenbait aldaketa egin direnez, kontu publikoak Espainiako Kongresura bueltatuko dira eta ikusteke dago bertan zer gertatuko den.
EAJk eskatu zuen Bimepen inguruko emendakina zuzentzeko, akats nabarmenak zituelakoan, baina Espainiako Senatuko Mahaiak eskaera baztertu zuen. Jeltzaleek agiri batean azaldu zutenez, Armintzako zentroari kendutako 3 milioiak bi aldiz esleitu zituen PP; hala, denera, 6 milioi euro kendu zituzten aurrekontuetan. Zuzenketetan zenbatekoen igoerak eta jaitsierak zehatzak izan behar direla gogorarazi zuen EAJk. EAJko talde parlamentarioak Bimepen aurkako ekimena berriz atertzeko eskatu zuen, baina PPk Senatuko Mahaian duen gehiengoak ez zuen onartu.
Armintza eta Getxo, Moncloaren truke
Joan den apirilean, PPk eta EAJk adostutako aurrekontuetako puntu bat zen Armintzakoa. Baina ekainaren 1ean, EAJk Pedro Sánchezi lagundu zionean Moncloara heltzen, PPk mendekua iragarri zuen. Alde batetik, Getxon, Popularrek uko egin zieten EAJ eta PSE-EEgaz hitzartutako udal-aurrekontuei; beste aldetik, Madrilen, Lanbide, Cidetec eta Bimepen aldeko partidak aurrekontuetatik kanpo uztea deliberatu zuten popularrek. Iñaki Oyarzábal senatari arabarrak agindu zuen PPk mantenduko zituela "Euskadirako onak diren inbertsioak eta emendakinak aurkeztuko ditugu onak EAJrako bakarrik direnetan". Berba horiek gogor kritikatu zituzten Jon Iñarritu eta María Dolores Etxano EH Bilduko eta EAJko senatariek.