Udal-hauteskundeak 2019

Udal-hauteskundeei begira: ezusterik bako "bipartidismoa"

Unai Brea 2019ko mai. 6a, 08:00

Herri txikia da Lemoiz, lasaia, eta hauteskunde-kontuetan gorabehera handirik bakoa. Azken agintaldietan, EAJren eta EH Bilduren artean banatu dituzte zinegotzi denak. Ez dirudi kontua aldatu egingo denik.

Bederatzi zinegotzi dauzka Lemoizko udalerriak 2011tik (horren aurretik zazpi zituen), eta historikoki EAJren eta ezker abertzalearen artean banatu izan dituzte jesarleku denak, bigarrena legez kanpo egon zen sasoian izan ezik, jeltzaleen gehiengo absolutuagaz. Izan ere, Lemoiz da Uribe Kostan EAJk zinegotzien erdia baino gehiago daukan herri bietako bat, Urdulizegaz batera. Amaitzear dagoen agintaldian, sei eduki ditu Sabin Etxeko alderdiak, eta hiru EH Bilduk.

Oraindino alkatea den Unai Andraka ez da berriro aurkeztuko, eta honenbestez, itxura denen arabera, EAJren zerrendaburu Iñaki Alonso izango da aginte-makila jasoko duena. Aurretik Udalean kargurik izan bakoa da Alonso; izan ere, gaur egun EAJk dituen sei zinegotzietatik hiru baino ez doaz maiatzaren 26rako zerrendan, eta hirurek ere aukera handia daukate berriro jesarlekua lortzeko, zerrendako bigarrena, hirugarrena eta laugarrena baitira, hurrenez hurren.

EH Bilduk Jesus Mari Arizmendi aurkeztuko du alkategai, hori ere gaur egun Udalbatzatik kanpo. Koalizio abertzaleak dituen hiru zinegotzietatik bakarrak du berriro hautatu izateko aukera, emaitzetan egundoko hobekuntza lortu ezean.

Lemoizen aurkeztuko diren beste alderdi biak, ohi bezala, PSE-EE eta PP dira, baina haien boto-uzta oso txikia izaten da. Mende honetan behintzat ez dute ordezkaritzarik lortu, eta egin berri diren hauteskunde orokorretan lortu dituzten emaitza eskasek ez dute iradokitzen oraingo honetan ere udaletxean sartzeko aukera izango dutenik. Ez die laguntzen, noski, zerrendetan ageri diren izenak ezezagunak izatea, denek elkar ezagutzen duten herri txikian.

Hala ere, ikusteko dago apirilaren 28an Podemosentzat izan diren 121 botoak (%15,4) zelan banatuko diren udalerako hauteskundeetan. Konparazio baterako, 387 lortu ditu EAJk (%49,3), eta 212 EH Bildurentzat (%27,0).

Hautagaien asmoak

Iñaki Alonso EAJren alkategaiak 39 urte ditu eta horrelakoetan eskarmentu txikia. «Urtea hasi zenean ez nukeen sekula pentsatuko egoera honetan ikusiko nuenik neure burua», adierazi du. Alonsok oraindino jardunean dagoen gobernu-taldeak egindako lana goraipatu du, espero zitekeenez, eta adierazi du Urizarko eskola publikoa handitzea dela bere nahietako bat, alkatetzara ailegatuta.

EH Bilduri dagokionez, Jesus Mari Arizmendik azpimarratu du udaletxe barruan zinegotzien arteko lan-moldeak aldatzea dela koalizioaren helburu nagusietakoa, «agintea vs oposizioa blokeak gaindituta». Horren ordez, elkarlana eta erabakiak denen artean adostuz hartzea sustatu gura du EH Bilduk, hala nola herritarren parte-hartzerako bideak zabaltzea.

 
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun