Aurten ere, musika jamaikarra ardatz duen jaialdia hartuko dute Armintzako Karmengo jaiek. Festok oso ezagunak dira Euskal Herrian, Txapel Reggae jaialdia dela eta; hala ere, adin denentzako beste hamaika aukera ere eskaintzen dituzte ospakizunok. Uztailaren 11n emango diete hasiera karmenei, 18:30ean, txupinaren jaurtiketagaz. Ondoren, triatloi herrikoia, bertso-triki-poteoa eta langostino-jana izango dituzte aukeran herritarrek. Azkenik, egunari amaiera emateko, kontzertua egongo da txosnan, ingurua alaitzeko. Hurrengo egunetan, Lemoizeko kostaldeko auzo horretara hurbilduko diren denentzako makina bat ekitaldi egongo da, berbarako umeentzako jolasak, puzgarriak, tortilla-lehiaketa, pala-partida, bingo jolasak eta auzotarrentzako txapelketak.
Zapatuan, uztailaren 13an, aldiz, Bizkaiko reggaeren hiriburu bihurtuko da Armintza, beste urte batez. Aurtengo Txapel Reggae jaialdiak gurera ekarriko ditu munduan ezagunak diren artistak, esaterako Fantan Mojah & Jahvolution Band jamaikarrak eta Un Rojo Reggae Band costarricarrak. Gertuagokoak diren Galiziako High Paw e Elephants Yard eta Kataluniako Deskarats taldeak ere hurreratuko dira Armintzara euren musika aurkeztera. Horiez gainera, bertoko taldeek ere lekua izango dute: Suia eta Ama Rebel talde gasteiztarragaz. Kontzertuak Biobizz Portua Stage gunean izango da, hau da, Armintzako portuaren inguruan.
Bestetik, Armintzekaldeko skate-parkearen ondoan egongo da Dub Stage agertokia; ohi den legez, horixe izango da egunean zeharreko topalekua. Bertan, skate-erakustaldia egin ondoren, zuzeneko MC saioak egingo dituzte Txapel Reggaeko bihotza girotu eta bibrarazteko; gaueko kontzertuetarako beroketa ezin hobea izango da hori.
Armintzako Karmengo jaien egitarauaren berri izateko, deskargatu gure app-a, doakoa da!
Android sistemarako:
https://play.google.com/store/apps/details?id=acvmultimedia.hiruka&rdid=acvmultimedia.hiruka