"Historiarekin bat datorren erabilera" eskatu du Eguzki talde ekologistak Lemoizko zentralerako

Unai Brea 2019ko urr. 14a, 17:51
35 hektarea ditu Lemoizko zentralaren eremuak. HODEI TORRES

Daborduko Eusko Jaurlaritzaren esku dago Lemoizko zentral nuklearra izango zenaren lur-eremua, eta haren geroaz zalantzak agertu ditu Eguzkik. Ematen zaion erabilera publikoa izan dadila eta betiere lehengoratzeagaz bat egin dezala eskatu du talde ekologistak. Sarritan aipatzen den arrain-haztegiaz, Eguzkik dio momentuz proiekturik ez dagoela, "ideia bat baizik", eta edozein kasutan, haztegi horrek zentralaren eremuaren zati txiki bat baino hartuko ez lukeela.  

Eguzkik deitoratu egin du zentralaren lurrak ugazabaz aldatzeko prozesuan Iberdrola konpainia "guztiz libre" geratu izana ingurua lehengoratzeaz. Erantzukizun hori Eusko Jaurlaritzaren esku geratu dela salatu dute, honenbestez. "Jarraitzen dugu jakin gabe Lemoizko zentralaren etorkizuna zein izango den, baina badakigu oraingoan ere Iberdrola irabazle suertatu dela", adierazi dute, "moratoria nuklearra zela eta Administrazioak konpainiari aukera eman zion, herritarroi, argindarraren fakturen bidez, behar baino 3.256 milioi gehiago kobratzeko, eta orain libratu egin du ingurua egokitzeko erantzukizunetik".

Eremuaren etorkizunari dagokionez, Eguzkik uste du Eusko Jaurlaritzak ez duela "inolako proiekturik, Industria sailburu Arantza Tapiak Legebiltzarrean aitortu duen bezala". Askotan aipatu den arrain-haztegia ideia baino ez dela diote ekologistek, azterketa batean oinarritutakoa; "azterketa horrek bi aukera aurreikusten ditu, batak 4 hektarea hartuko lituzke eta besteak 5,5". Alabaina, zentralaren eremu osoak 35 hektarea dituela gogorarazi dute. "Beraz, arrain-haztegia egin edo ez, paraje horretan leheneratze- edo egokitze-lanak egin beharko dira, eta horiek ordaintzeko dirua Jaurlaritzaren patrikatik aterako da, gure patriketatik alegia".

"Historiarekin bat datorren erabilera" eskatu dute Lemoizko zentralerako, "beharbada parke publiko bat, memoria-leku gisa". Edozein kasutan, erabilerak publikoa eta lehengoratzeagaz bateragarria izan beharko lukeela adierazi dute. "Nolanahi ere, erabakia ez dadila aldebakarrekoa izan, baizik eta ahalik eta adostasun sozial zabalenaren ondoriozkoa".

Erlazionatuak

Lemoizko zentrala berriro ordaindu beharko ote dugu?

Iñigo Fernandez de Martikorena 2018 api 28 Lemoiz

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun