Jata mendian, lindano aurkitzeagatik salatutako Lemoizen dagoen zabortegiaren ondoan, Puente Baray Forestal S.L. enpresa egiten ari den lur-mugimendu eta zuhaitz-mozketagatik jarri du kexa Ekologistak Martxan taldeak Bizkaiko Foru Aldundian, Lemoizko eta Mungiako udaletan, baita Ingurumen Sailburuordetzan ere.
Elkarte ekologistak 2019ko uztailean egindako azterketen arabera, zabortegitik gertu dauden zuhaitz-landaretzan 3,14 eta 6,47 mg/kg arteko hexakloroziklohexanoa (HCH-lindanoa) dagoela zehaztu ahal izan da. "Horrek ingurunea etengabe kutsatzen du eta herritarren osasunerako arriskutsua da ere, batez ere, landaretza horrekin kontaktuan egon daitezkeen pertsonentzat", ohartarazi dute ekologistek.
Baso-sutea gertatuz gero, HCHaren deskonposizio-fenomenoa gerta litekeela azpimarratu du taldeak, "eta, ondorioz, fosgenoa sortzea". Horrek ingurumenean eta suteak itzaltzeaz arduratzen diren langileen eta beste pertsona batzuen osasunean ondorio larriak izango lituzkeela salatu dute.
Era berean, zuhaitzak moztuz gero, HCHren edukiek zura mozteaz, manipulatzeaz, garraiatzeaz eta ondoren erabiltzeaz arduratzen diren langileei eragin diezaieketela azaldu dute, "baita azken produktua lortu arte burutzen diren prozesuetan esku hartzen duten pertsonei eta instalazioei ere, kutsaduraren sakabanatze-faktorea izan baitaiteke".
Ekologistak Martxan taldeak ez daki aurretik HCH-lindanoaren presentziari buruzko ikerketarik edota txostenik egin den. Horregatik, moztu daitekeen zuhaitz-landaretza kontrolatu egin behar dela uste du taldeak, "hau da, dagozkion segurtasun-neurriak hartu eta, beharrezkoa balitz, ondoriozko materialak hondakin arriskutsu gisa kudeatu". Ondorioz, Mungiako Udalari eta agintari eskudunei segurtasun eta prebentzio neurriak hartzeko eskatu die elkarte ekologistak.