Elkarrizketak

"Idazleok bakardadean lan egitera ohituta gaude"

Iker Rincon Moreno 2020ko eka. 12a, 08:52

Denbora ez da arazoa izan konfinamenduan, "baizik eta burua prest izatea", Bergararen ustez.

Konfinamendua ezberdina izan da batzuontzat eta besteontzat. Kultura-sortzaile askorentzat, izan ere, kalera atera ezin izatea buruari eragin eta hainbat proiekturi ekiteko baliagarri izan zaie. Berbarako, Aritza Bergara idazleak bere azkenengo eleberria amaitu du hilabete bi hauetan, beste bat zuzendu eta aurrekoa gizarteratu, online bada ere. 

Zer sentitu zenuen konfinatuta egon beharko ginela jakin zenuenean?

Niretzat gogorra izan da. Etxean arrisku-taldeko pertsona bat dago eta lana ezin utzi, bertan ditugun pertsonek, errefuxiatuek kasu honetan, arreta behar zutelako. Beraz, erabakia hartu nuen eta lanera joan nintzen bi hilabete luze hauetan; bikotekidea eta semeak leihotik ikusi baino ez ditut egin.

Denbora-tarte honetan, egoitza batean lan egiteaz gainera, eleberri bat idazten ibili zara. Zelakoa izan da esperientzia?

Konfinamenduan gauza asko egin ditudalakoan nago. Alde batetik, idatzita baina argitaratu gabeko Manos Ensangrentadas partekatu dut nire irakurleekin sare sozialetan, egunero atal bat jarriz. Baina honekin batera, Jentilak liburuaren bigarren zatia zuzendu dut eta hirugarrena, erdi eginda neukana, bukatu ere.  

Egia esanda, idazleok bakardadean lan egitera ohituta gaude eta ez zait gehiegi aldatu bizitza idazteko momentuan. Hori bai, beste gauza guztiak alde batera utzi behar. 

Konfinamenduak sormenerako aukerak handitu dizkizu?

Ez dakit... Handitu ez nuke esango, baina egunak zer-nolako luzera duten ikusteko aukera eman dit. Zailena ez da denbora izatea, burua prest izatea baino. Berbarako, ezin izan dut ezertxo ere ez irakurri konfinamendua iraun bitartean. Idazteko, aldiz, ez dut inolako arazorik izan. Argi nuen zer zen kontatu nahi nuena eta burutik atera eta idaztea besterik ez nuen egin behar. 

Zaila da gaur egun idazle modura jardutea?

Bai, oso. Eta bizitzen ari garen arazoarekin, askoz zailagoa. Durangoko Azoka, esate baterako, guztiz ezberdina izango da. Eta azoka guztiak, eta aurkezpenak…

Eta horretaz bizitzea?

Nire ustez oso zaila da, orokorrean. Gainera, nire kasuan, nik egiten dut dena, autoekoizle gisa. Ez da idaztea bakarrik; maketazioa, portada aukeratu, banaketa nola egin prestatu, aurkezpenak egin... Den-dena nire esku dago. Eta zailena komunikabideetan lekua hartzea da. Gezurra dirudien arren, oso zaila da egunkarietan, telebistan eta horrelakoetan ateratzea zure atzean inolako argitaletxerik ez baduzu. Eta, gainera, jendeak ezagutzen ez bazaitu, orduan eta zailagoa izan ohi da liburuak saltzea eta, ondorioz, horretaz aritzea eta bizitzea. Nire kasuan, sare sozialetan egiten dut esfortzurik handiena nire lana ezagutarazteko, hala nola Facebook eta Twitterren.

Kultura-sortzaile asko diru-sarrerarik gabe geratu dira COVID-19aren krisia dela eta...

Argi dago egoera zaila izan dela guztiontzat. Baina moldatu behar, ez dago besterik. Nire kasuan, adibidez, ez nekien zelan publikatu webgune batean. Hala ere, azkenean, konfinamenduak iraun duen bitartean Manos ensangrentadas eleberriaren atal bana egin dut publiko egunean behin, Eguzkilore Liburuakeko webgunean. Sare sozialetan beste gauza batzuk egin ditut baita ere jendearengana ailegatzeko. Bestalde, liburu-dendatan ezertxo ere ez duzula saltzen? Orduan salmenta zuzenera jo. Aldaketak egin ditugu eta egin beharko ditugu gure burua ezagutarazteko eta aurrera egiteko.

Zelako harrera egin dio jendeak sareetan eskegi duzun eleberri horri?

Irakurleekin nire lana partekatzeko aukera polita zela uste nuen, batez ere konfinamenduan tartetxo bat irakurtzeari eskaini eta denbora arinago pasarazteko asmoz. Gainera, kasualitatez eleberriak 63 atal ditu eta konfinamendua arintzen hasi zenean egin nituen publiko denak. Horri esker, gainera, paperean argitaratzeko eskaera piloa egin didate eta azkenean crowdfunding kanpaina bat abiatuko dut Manos ensangrentadas kaleratu ahal izateko.

Gobernuak emango dituen diru-laguntzak arazoari aurre egiteko nahikoak direla uste duzu?

Dirulaguntzak, sortzaileei baino, kultura-enpresa handiei bideratuta egongo dira. Nire ustez badaude beste modu batzuk gauzak egiteko, enpresei baino pertsonei laguntzeko. Baina horretarako kultura begiratzeko modua aldatu behar da guztiz. Eta hori ez da gertatuko, ziur nago. 

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun