Erreka batzuk ere badaude. Adibidez, Andrakan jaio, Urizarretik pasa eta bere urak Armintzan itsasora isurtzen dituen Amorraga erreka, Lemoizko hiru auzo nagusietatik pasa ostean. Ez dauka oso osasun onik, baina oraindik behintzat, bizirik dagoela esan dezakegu.
Bai, Lemoizen ere, Eukaliptus landaketa basatien horien artean, haran ezkutuak, Urzuriagakoa esaterako, hariztiak, Ugartemendi magalekoa adibidez edo artadiak daude; Artadiko errekakoa, esaterako. Egia esateko, oso txikiak dira eta horiek ere ez daude egoera oso onean.
Urtegiak eta aintzirak ere badaude Lemoizen. Landaredi eta fauna oso interesgarrien babeslekua diren Urbieta urtegia edo Artadiko eta Zabala erreketako urmaelak esate baterako. Hala ere, aipaturiko azken horiek, ditxosozko zentral nuklearreko lur-sailetan daudenez, itxita eta hesituak daude, eta sarrera debekatua dago. Bere kontserbazioari dagokionez, zoritxarrez, horiek ere egoera kaxkar batean daudela esan behar dugu.
Zentraleko lurretan ere, hostozabal desberdinen landaketaz inguratuta Ikatxa eta Martxaga baserriak daude, Martxaga auzoan, hain zuzen ere. Bere garaian Iberduerok berriztuak, zein baino zein ederragoa da. Gaur egun, egoera tamalgarrian daude, baita aipaturiko hostozabalen landaketak.
Baina zalantzarik gabe, Lemoizen dagoen naturagune baliotsuena, ikusgarriena eta munduan bakarra, itsaslabarrak dira, Etzandarri puntatik hasi eta Usategi puntara arte, zentral nuklearra tartean dagoela.
Eukalipto landaketek eta zentral nuklearreko hesiek, erabat ezkutatuta eta ahaztua mantendu dute paregabeko naturagune zoragarri hori. Lemoizko itsaslabarrak ikusezinak izan dira eta, neurri handi batean, horrela jarraitzen dute.
Ahaztu ditugu izenak, ahaztu ditugu paisaiak eta ahaztu ditugu lekuak eta hori oso larria da. Ezagutzen ez dena ezin da maitatu.
Lehendabiziko gogoeta arin batean, ikusezintasun hori bere kontserbaziorako lagungarria izan daitekeela pentsatu ahal da, baina ez da horrela, inondik inora. Ikusezintasun horrek herriak altxor hau ez ezagutzea eragin du eta horren ondorioz hartaz ahaztea. Bai, ahaztu ditugu izenak, ahaztu ditugu paisaiak eta ahaztu ditugu lekuak eta hori oso larria da. Ezagutzen ez dena ezin da maitatu.
Horregatik, Etzandarri Mendi Taldea sortu genuenetik orain dela bost urte, inori baimena eskatu barik, hori dena berreskuratzea eta ezagutaraztea erabaki genuen eta, inongo laguntzarik gabe, horretan dihardugu eta horretan irmo jarraituko dugu.
Eukaliptus landaketen sasien artean eta zentral nuklearreko hesien gainetik ibili eta pasatu behar izan dugu urte hauetan guztietan, baina apurka-apurka lortu dugu itsaslabar ikaragarri horiek aurkitzea eta ondorio batera heldu gara: naturagune zoragarri hori babeste premiazkoa da.
Lemoizko itsaslabarrak naturagune babestua
Horregatik, orain bai, laguntza eske gatozkizue zuei, herritarroi, guri eta ez beste inori dagokigulako ekosistema hau gal ez dadin berreskuratu nahi dugula ozen aldarrikatzea. Eta bigarrenik zuei, administrazioei, zuek baitauzkazue eskumenak eta baliabideak.
Eukalipto landaketen kudeaketa ezegokia itsaslabarretako goialdeetan, alde batetik; eta zentral nuklearreko lur-sailetan, azken urteetako degradazioa azkarra, utzikeriaren eta aldaketa klimatikoarengatik, beste aldetik; begi bistakoak dira eta gero eta eragin handiagoa daukate itsaslabarretako ekosisteman, baita Urbieta urtegiaren inguruan sortu den ekosisteman ere.
Ekosistema horiek berebiziko garrantzia daukate bertan bizi diren landare eta animalientzako eta oso ahulak dira. Baina, gezurra badirudi ere, “nahiko ondo” kontserbatzen dira oraindik, nahiz eta azken urte hauetan landare exotiko inbaditzaileen erasoa oso bortitza izan. Beraz, oraindik garaiz gabiltza naturagune hauek salbatzeko.
Horretarako, bide bakarra dago: naturagune hauek legez babestea eta naturagune babestuen sarean sartzea. Ez dago beste biderik, eta orain da garaia.
Zergatik da orain garaia? Bada, zentral nuklearreko lurren jabetza Eusko Jaurlaritzaren eskuetan dagoelako, kostaldeko antolamendu eta kudeaketa transferentzia 2021eko udaberrirako osatzea aurreikusten delako, ekonomia suspertzeko Europako funtsak halako proiektuak bultzatzeko jaio direlako, Lemoizekin administrazioak daukan zorra historikoa kitatzeko ordua delako eta abar, eta abar, eta abar… Baina batez ere, premiazkoa delako, naturagune ahul horiek ez dutelako askoz gehiago aguantatuko bestela.
Beraz, aldarrikapenaz haratago joanda, hauxe da Lemoizko Etzandarri Mendi Taldeak egiten duen proposamena:
LEMOIZKO ITSASLABARRAK izenarekin naturagune babestu bat zehaztu, legez babestu, bere erabilerak mugatu eta landare inbaditzaileen erasoa gelditu.
Deba eta Zumaiaren arteko flyscharen edo Jaizkibelen kasuen antzera, ibilbide sare bat egokitu eta seinaleztatu, informazio panelak jarri eta baita, bisitarientzako bi harrera zentro eraiki ere. Mundu osoan demostratuta dago, halako neurria, LANA SORTZEAZ GAIN, naturaguneen kontserbaziorako oso egokia eta eraginkorra dela.
Guk zazpi sektore bi harrera zentrorekin bereizi ditugu proposatzen dugun Lemoizko itsaslabarretako ibilbide-sare honetan:
- Sektorea: Anparrantxi punta eta goi-lautada. Lehenengo harrera zentroa eraikitzeko Anparrantxi puntako goi-lautada aukeratu dugu. Zentral nuklearraren lurrak dira. Gaur egun, bertan aparkaleku erraldoi bat, bertan behera utzita, besterik ez dago eta inguru osoa Panpako belarraren mintegi erraldoi bat baino ez da. Talaia ikusgarri bat da Anparrantxi.
- Sektorea: Anparrantxi – Armintzakalde. Harrera zentrotik abiatuta, Anparrantxi, Eguzkibaso, Atxausi, Atxebagi eta Kanpokoarriko itsaslabarren goikoaldetik igarota, Armintza auzoarekin konektatuko duen ibilbide bat proposatzen dugu. Armintzakalde kalarekin, hain zuzen.
- Sektorea: Gaztelu mendia Orain dagoen bidea txukundu, egokitu, eta Armintzako porturaino jarraipena ematea proposatzen dugu. Gaztelu mendia egoera penagarrian Armintzan bertan dagoen altxor bat da.
- Sektorea: Armintzako portua-Etzandarri. Hemen daude Etzandarri mendia, Bilau kala, Lularri mendia, Kauku punta, Bilauko arriak eta Urtzuriagako eta Armintzako kalak. Sektore honetan dauden itsaslabarrak eta mendiak zoragarriak dira. Sektore honetarako hauxe proposatzen dugu: Armintzako portutik Etzandarriraino Itsaslabarreen goikoaldetik helduko den ibilbide bat egokitu, seinalizatu, informatu etab. Urtzuriaga baserriraino heltzeko bi aukera egongo dira, mareen arabera, Urtzuriagako kalatik edo gaur egun dagoen bidetik. Zirkularra izango da eta GR-123arekin bi konexio, gutxienez, izango ditu. ETXANDARRI mendi taldeak urte batzuk darama ibilbide hau garbitzen, egokitzen eta markatzen eta jarraitzea erreza ez badaere, zati batzuk oso itxiak daudelako, gaur egun egin daiteke dagoeneko.
- Sektorea: Urbieta urtegia eta Martxaga auzoa. Hemen urtegiaz gain, Ikatxa eta Martxaga baserriak, Artadiko, Zabala eta Merdeka errekak eta Atxukarro eta Urbietalde punten arteko kalak eta itsaslabarrak daude. Zentral nuklearreko lurrak dira.
Hemen egongo dira bigarren harrera zentroa eta aparkalekua, Martxaga eta Ikatxa baserrietan hain zuzen eta bi atseden leku egokituko dira. Lehenengoa Martxaga auzoan, harrera zentroaren eta aparkalekuaren inguruan eta bigarrena Artadiko erreka ondoan dagoen hostozabalen landaketa batean.
Martxaga eta Ikatxa baserrietan gainera erakusketa iraunkor bat instalatuko da (gaia edo gaiak zehazteke dauzkagu momentuz). Harrera zentrotik bide batek Artadiko errekako atseden lekura eramango gaitu eta handik urtegira buelta osoa emango duen ibilbide bat abiatuko da.
Ibilbide honetatik beste hiru ibilbide irtengo dira: Lehenengoak urtegiko hormatik jaisten diren eskaileretatik Urbietalde eta Atxukarro puntetako eta Portume-aldeko kaletara jaisteko aukera emango digu. Bigarrenak urtegiko hormatik ingurutik Atxukarro puntako goialdera eramango gaitu. Gaur egun aparkaleku bat dago han. Hirugarrenak Basobaltza eta Usategiko itsaslabarren goialdera eramango gaitu. Harrera zentrotik ere Merdeka errekara eta handik Basorda porturaino helduko den ibilbide bat egokituko da. Sektore honetako ibilbideen zati batzuk egoera txarrean daude, baina existitzen dira.
- Sektorea: Anparrantxi-Basorda kala-Atxukarro punta. Anparrantxiko harrera zentrotik Basordako portura bajatuko den ibilbide bat egokituko da, han, Martxagako harrera zentrotik datorren ibilbidearekin konektatuz. Basordako portutik, Zentralaren diketik joanda beste ibilbide batek Atxukarro puntara eta hango kaletara eramango gaitu. Amaitzeko Atxukarro Puntako beheko eta goiko aldea lotzen dituen dagoeneko dagoen ibilbidea egokituko da.
- Sektorea: Basobaltza-Usategi itsaslabarrak Sektore honetan Urbietalde punta eta Portume-aldeko kalak daude Hemen, 5. sektoretik datorren ibilbideari, Basobeltza itsaslabarreen goikoaldetik, Usategi puntara arte jarraipena ematea proposatzen dugu.
Hauxe da, beraz, ETZANDARRI MENDI TALDEAK landu duen proposamen zehatza, eta azpimarratu nahi dugu orain dela garaia hori bultzatzeko.