Ez da kasualitatea Lemoizen hiru belaunaldi ezberdinetako pala jokalariak lehia berean aritzea. Armintza auzoan frontoiagaz duten harreman berezi hori berezkoa dela dio hainbat txapela irabazi dituen Esteban Gaubekak: "Herri txikia gara, eta ez dago aukera askorik kirola egiteko; beraz, frontoia beti izan da gazteentzako topalekua". Iñaki Urrutia ere pala-jokalari profesionala da, eta bat dator beragaz: "Beti etorri izan gara frontoira edozertara jokatzera; handiak egin garenean erreferente moduan ikusi ditugu hemen zeuden pilotariak".
Jagoba Madariaga hiruretatik gazteena da, eta oraindino afizionatuetan jokatzen duen arren, aurten profesionalakaz debutatzeko aukera izan du nazioarteko Bizkaiko Openean. Berarentzako, "amets bat bezalakoa da Gaubekaren maila berean jokatzea", txikitatik ikusi baitu jokatzen, eta Urrutia bere entrenatzailea izan da; hala, betidanik ikusi dituen erreferenteakaz ari da jokatzen orain.
Zergatik pala eta ez beste kirol bat? Gaubeka: "Ez dauka arrazoi zehatzik; hasieratik hona zetorren jendea palagaz jokatzen hasi zen, eta ordutik guk ere horretan jarraitu dugu"
Ekainaren 11ra bitartean hainbat partida jokatuko dituzte, Urrutiak eta Madariagak, alde batetik, eta Estebanek eta Del Riok, bestetik, guztira sei bikotek lehiatuko duten ligaxkan. Tartean, Armintzako frontoian jokatu zuten apirilaren 16an, eta zapatu honetan, hilaren 14an, 18:00etan, Plentzian egongo dira eta 27an Sopelan ere arituko dira; edonola ere, txapelketako partida gehienak Bilboko Bizkaia frontoian izango dira.
Gaubekak adierazi duenez, "daborduko, 15 urte inguru daramatzat honetan, eta oraindik lehiakortasun hori mantentzen dut. Beraz, borrokatzen jarraituko dut". Bere lehiakideak gogor datozen arren, oraindino forma onean sentitzen dela azpimarratu du armintzarrak, eta Opena oso ondo hasi ez arren, aukerak dituela uste du. Gaineratu duenez, "oso polita da ikustea belaunaldi berriek ere palara jokatzen dutela; horietako asko entrenatu ditugu, eta harro egoteko modu zerbait da".
Urrutia: "Etxean jokatzen dugunean oso giro ona egon ohi da frontoian. Jendeari gehiago kostatzen zaio kanpora mugitzea, baina finaletara etortzen dira"
Palaren egoeraz galdetuta, Gaubekak deitoratu du egoera ez dela oso ona: "Diru-laguntzakaz mantentzen da, ez baitago baliabide propioak dituen enpresarik, eta frontoiak betetzea ez da erraza". Dioenez, erabateko profesionalak izateko bultzada bat falta da, komunikabideen laguntza, besteak beste.
Madariagak umeak ere entrenatzen ditu eta, bere ustez, gero eta gehiago ari dira palara jokatzen, askok nagusitzean utzi arren: "Hainbat bikote ditugu, eta txapelketetan ari gara parte hartzen". 20-30 ume daude une honetan kategoria ezberdinetan, "herri txikia garela kontutan izanda, hori asko da".