Uztailak 16

Euskal reggaeari lehentasuna eman gura izan dio aurtengo Txapel Reggae jaialdiak

Iker Rincon Moreno 2022ko uzt. 12a, 08:52

Uztailaren 16an, Karmengo jaien barruan, Jamaikako musikan oinarritutako doinuek hartuko dute Armintzako portua. Denera, sei banda taularatuko dira, gehienak Euskal Herrikoak.

Armintzako reggae-musikako festibalak 1990an hasi zuen bere ibilbidea; orain 32 urte izan zen bere lehenengo edizioa, eta, ordutik, nazioarteko zein tokiko hamaika talde ekarri ditu BioBizz Portua Stage agertokira.

Pandemiak Jamaikako musikaren zaleak umezurtz utzi zituen, osasun-neurriek ezinezko egin zutelako mota honetako ekitaldi jendetsuak antolatzea. Hala ere, aurten, 2022an, indarrez beteta bueltatuko da Txapel Reggae Lemoizko kostaldera. Oraingoan, Euskal Herriko musika-eszenari protagonismoa emango diote, "hori bultzatzeko asmoz". Hala, programazioak euskal reggaearen alde jo eta bost herrialdetako bandak ekarriko ditu: Araba, Bizkai, Gipuzkoa, Nafarroa eta Zuberoakoak, hain zuzen ere. Etorriko direnen artean, antolatzaileek nabarmendu dute Akatz eta Potato bandak mantendu gura izan dituztela kartelean, "festibalaren 30. urteurrenean egongo zirenak 2020an, baina, pandemia zela medio, ezinezkoa izan zena egin". Gainera, Rod Taylor artista jamaikarra eta Heartical frantziarra gonbidatuko dituzte, nazioarteko eszenari jarraitasuna emateko. Gainera, ohi bezala, programazioa osatuta egongo da Dub Stage-an arituko diren sound system-eko lau proposamenakaz.

Sei musika-banda

Agertoki nagusian, Biobizz Portua Stage izenekoan, reggae-musikan erreferente diren sei musika bandak joko dute zuzenean, 22:00etatik aurrera.

Rod Taylor izango da karteleko burua; ahots argiko abeslari jamaikar hori sound systemetan hasi zen, eta, arrakasta izan ahala, ahots handiakaz kantatzen hasi zen, hala nola Dillinger, Barry Broynd, Sugar edota Linval Thomposonegaz. Jamaika, Ingalaterra eta Frantzia artean du bere lan artistikoa, eta, elkarlan horiei esker, Heartical talde frantziarrak lagunduko du jamaikarra Armintzan. Haien ondoren, euskal-eszenako erreferentzia irabazi duten Akatz eta Potatok hartuko dute lekukoa; 30. edizioan kantatu behar zuten Txapel Reggaen, baina, COVID-19a zela-eta, 2022ra atzeratu behar izan dute euren kontzertua. Lehenengoak, gainera, Armintzako jaialdiko aspaldiko ezagunak dira.

Beste hiru taldeak Xiberoots zuberotarrak, The Titanians iruindarrak eta George Palmer & Well Charge Band donostiarrak igoko dira taula gainera. Iparraldekoek, gainera, nabarmentzekoa dute reggae musikaren bidez euskara hedatzea izan dutela hasierako helburu gisa.

Jaia, eguerditik aurrera

Festa giroa eguerdiko 12:00etatik aurrera izango da nagusi Armintza inguruan, Batukale Samba perkusio-taldeak girotuta. Ordubete beranduago, 13:00etan, skate erakustaldia hasiko da Dub Stage agertokian, eta gura dutenek parte hartu ahal izango dute. 
Ohi bezala, antolatzaileek gogoratu dute senidetasun-giroak eta dardara onak osatuko dutela jaialdia, eta horixe nabarmentzea gura dutela: "pertsonen arteko harmonia".

Erlazionatuak

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun