Elkarrizketak

Roge Blasco: "Basordaseko kala porlanagaz estali eta txikitako paradisu hura egun batetik bestera ezabatu zuten”

Ander Zarraga 2022ko abe. 21a, 13:51

Valentin Elortegi eta Roge Blasco "Basordas el no territorio lurraldea ez dena" erreportajeko frame batean.

Lemoizko zentral nuklearra eraiki aurretik Basordaseko kala nolakoa zen erakusteko, inguru horrek oraindik ezkutatzen dituen altxor naturalak ezagutzera emateko eta inguru horren etorkizunaz eztabaidatzeko, Roge Blascok ekoiztutako bi erreportajeren emanaldiak egingo dituzte. Gurean, hurrengo astean izango dira; Plentzian, Lemoizen eta Gorlizen. Horietan, erreportajeetan elkarrizketatutako Valentin Elortegi Basordaseko bizilaguna eta Iosu Alberdi Etzandarri euskal mendi taldeko kidea egongo dira, Blascogaz batera.

Roge Blasco kazetari getxoztarra gogoratzen da bere amona gaur egun zentral nuklearra dagoen lekutik 500 metrora zegoen Momatai baserrian bizi zela: “Etxea Basordaseko kala ondoan zegoen, Armintzako hondartzaren antzekoa zena, baina askoz handiagoa eta ederragoa; gainera, erdian, kutsu magikoa ematen zion harkaitz bat ere zegoen”. Txikitako bizipenak gogoratuz, Blascok dio oso leku basatia zela, eta errepiderik ez zegoenez, Armintzatik oinez joaten zirela. “Leku izugarria zen, bizitza naturalez betea eta ia jenderik gabekoa”, oroitzen du.

Hala ere, 1972ko apirilaren 18an, inguru horretan zentral nuklear bat egiteko proiektuari ekin zioten, eta, adierazi duenez, "txikitako paradisu hura goizetik gauera ezabatu eta kala porlanagaz estali zuten”. Inguru horren memoria berreskuratu guran, Blascok Valentin Elortegi bertako baserri bateko bizilaguna eta Iosu Alberdi Etzandarri euskal mendi taldeko kidea elkarrizketatu ditu, besteak beste, belaunaldi berriei inguru hori ezagutzera emateko.

Elortegi zentraletik oso hurbil geratzen den baserri bateko bizilaguna izateaz gain, "Lemoizko Zentral Nuklearraren kultur ondaretze prozesua" izeneko tesia ere egin zuen. “Ideia ona iruditu zitzaidan bertakoa den norbaitek inguru horretako bizitza eta Basordaseko kala nolakoak ziren gogoratzea”, dio Blascok, gaineratuz Elortegik zentralaren etorkizunari buruzko gako batzuk ere eman ditzakeela. Lehen erreportaje horren izenburua Basordas el no-territorio. Lurraldea ez dena da. “Valentinek dio eremu hori existitzeari utzi zion toki bat dela, zentrala eraikitzen ari ziren garaian erabat militarizatuta egon zelako, eta bereganatu duen ospe txarragatik, oso ederra zen toki bat mapatik desagerrarazi zuten”. 

Iosu Alberdi Armintzan bizi den bergararra elkarrizketatu du Blascok bigarren erreportajerako. Kazetariak dioenez, Alberdik ez zituen bizi izan zentralaren eraikuntza-prozesuko gatazkak, beraz, “ikuspegi garbiagoa dauka, eta inguruko altxor naturalak azaleratzeko lana egin du”. Lemoizko itsaslabarrak. Zentral nuklearretik haratago izeneko bigarren erreportajeko protagonista Etzandarri euskal mendi taldeko kidea ere bada, eta ingurua ezagutzeko hainbat ibilbideren berri ematen du, hala nola itsaslabarrak, ur-jauziak eta eukalipto plantazioen artean oraindino geratzen diren hariztiak. “Gazteen artean euskararen erabilera sustatzeko txangoak egiten dituzte eta, era berean, Lemoizko txoko horiek erakusten dizkiete”. Halaber, Alberdiren helburua da gune hori babes dezatela, batez ere, eukalipto-landaketek eragiten dituzten kalteak eragozteko.

Hitzorduak

Elkarrizketak daborduko daude ikusgai Interneten, baina Gabonetan horien proiekzioak eta gaiaren inguruko berbaldiak egingo dituzte Plentzian (abenduak 27, 17:00etan, Goñi Portalen), Lemoizen (abenduak 28, 18:00etan, kultur etxean), Arrietan (abenduak 29, 19:00etan, kultur etxean) eta Gorlizen (abenduak 30, 16:00etan, kultur etxean). Lemoizko Etzandarri euskal mendi taldeak antolatuko ditu jarduerak, eta, proiekzioak gazteleraz izango diren arren, osteko mahai-inguruak elebidunak izango direla azaldu dute.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun