Herrikideei aurkeztuko diegu hautagaitza sendo bat, aurpegi berri ugarirekin”, azaldu du Antxon Abaroa Egurrolak, 2023ko maiatzeko hauteskundeei begira Lemoizko EAJren zerrendaburuak. Ildo horretan, adierazi du bera dela pertsona gazteak eta beteranoagoak "bateratzen" dituen hauteskunde-zerrenda batean errepikatzen duen bakarra, "esperientzia eta berrikuntza bikaina konbinatuz". Era berean, esan duenez, lemoiztarrek euren babesa ematen badiote, beragaz joango den lantaldea “zerrenda paritarioa izango da, Lemoizen hazitako pertsonek osatua. Balio erantsi handia eskaintzen dute Lemoizen ongizatea eta bizi kalitatea areagotzen jarraitzeko. Oso pozik nago osatu dugun lantalde bikainarekin”.
Abaroa 12 urtez izan da zinegotzi Lemoizko Udalean, eta oraingoan beste urrats bat eman du EAJrentzat Alkatetza berresteko hautagaitza onartuz. Legegintzaldi honen errepasoa egitean, lau urte "oso zailak" izan direla adierazi du, bai pandemiagaz gertatutakoagatik, bai Udalaren beraren dagokionez. “Zentzu horretan, Iñaki Alonso buru duen egungo gobernu-taldeak egindako guztia balioetsi behar dela uste dut. Xehetasunetan sartu nahi izan gabe, Lemoizko hiru auzoetan egindakoa azpimarratu behar da, azpiegituretan edo zerbitzuetan”, aitortu du Abaroak.
Hautagai jeltzaleak datorren legegintzaldiari begira dagoela dio eta, aurreratu duenez, bidea markatuta dauka. “Lehenik eta behin, erantzun bat eman nahi diegu lemoiztarren eskaerei, eta, horrekin bat etorriz, aurretik ezarri genituen erronka batzuei jarraipena eman. Adibidez, auzoetako trafikoari eta aparkalekuari lotutako arazoak behin betiko konpontzeko oinarriak finkatzea; osasun- eta kirol-azpiegiturak hobetzen jarraitzea; Udalak herritarrei, gizarte-zerbitzuei, iraunkortasunari, euskarari, berdintasunari, informazioari eta abarri ematen dizkien zerbitzuak handitzea eta hobetzea. Dagoeneko egiten ari diren BIMEP bezalako proiektuek edo proiektu berriek eskaintzen dizkiguten aukerak aprobetxatuko ditugu, hala nola, Zentral Nuklear zaharreko lurzoruak leheneratzeko eta balioesteko proiektuek. Proiektu horiek izaera estrategikoa izan dezakete gurea bezalako udalerri txiki batentzat, aberastasuna eta ongizatea sortzen dituzte bizilagunentzat, eta gure herria Bizkaiko mapan jartzen dute”.
Biografia apur bat
Antxon Abaroa Egurrola Armintzan jaio zen 1980an. Ezkondua da eta seme bat du. Erdi mailako mekanizatu gradua egin zuen eta hondakinen kudeaketa eta balorazioa egiten duen enpresako langilea da. Kirolzalea da oro har, “baina oso bereziki pilota, herri kirolak eta futbola atsegin ditut”. Lemoizko hainbat kultura elkartetan era parte hartzen du.
Alkategai jeltzaleak aitortu du zoriontsu bizi dela Lemoizen. “Nire herrian zer gustatzen zaidan? Esango nuke dena gustatzen zaidala. Baina gauza bat aukeratu beharko banu, hori izango litzateke herritarrak eta beren izaera. Adeitsuak eta hurbilak, beti laguntzeko prest, baina baita exijitzeko ere. Herri irekia da, eta harreman naturalak ditugu batzuek besteekin belaunaldien artean, toki guztietan gertatzen ez den zerbait. Eta horri gehitzen badiogu toki txikia dela, txoko atsegina, itsasoa eta landa ingurua uztartzen dituena, horren guztiaren ondorioz Lemoiz da jaiotzeko eta bizitzeko bizitokirik onena dela”, ziurtatu du.