Elkarrizketak

Gabriela Frances Zubillaga: “Nire seme-alabak baserri batean hezi gura nituen, autosufizientziaz baliatuz”

Nahia Martinez Gondra 2023ko mar. 9a, 10:56

Gabriela Frances Zubillaga baserritarra.

Nekazaritzan oinarritzen da Gabriela Frances Zubillagaren bizi-proiektua: Lemoizko baserritarra izateaz gain, Biologian doktorea ere bada, eta, duela zazpi urtetatik, Plentziako merkatuan aritzen da bere produktuak saltzen. Gainera, baserriko lanak Udaleko ardurakaz uztartzen ditu, Lemoizko zinegotzia ere baita.

Bilbon jaio eta hazitakoa, Francesek ez zuen bere familian nekazaritzako erreferenterik eduki; hala ere, argi zeukan bere jomuga zela antzinako baserrietan bezala bizitzea: “Nire seme-alabak baserri batean hezi gura nituen, autosufizientziaz baliatuz”. Udaro, Sopelako ortuetara eta behi-kortetara laguntzera joaten zen, eta, horregatik, betidanik izan du harreman estua nekazaritza-munduagaz.

Horrez gain, Biologia ikasi zuen Alemanian, eta, han, nekazaritza ekologikoaren berri izan zuen. Beranduago, Euskal Herrira bueltatu, Biologiako doktoretza hasi eta bere alaba jaio ostean erabaki zuen nekazaritzaren munduan profesionalki murgildu gura zuela.

Baserritarren egunerokotasuna “aldakorra” dela baieztatu du Francesek: “Neguan, behiakaz pasatzen dut denbora gehiena, belar gutxi dagoelako eta jaten eman behar diedalako. Aldiz, udaberrian, ortuan ibiltzen naiz. Egunaren arabera aldatzen doa, baina beti dago zerbait egiteko”.

Lan-zama etengabeaz gain, hainbat oztopori aurre egin behar dio baserritarrak, besteak beste, lurraren espekulazioari: “Erronkarik handiena abeltzaintzarako edota ortugintzarako lur on bat edukitzea da, izan ere, lurzorua oso garesti dago. Horregatik, balio handiko lur agroekologikoak babestu behar ditugu, edota lurretarako sarbide publikoak antolatu. Udal-mailan, horren falta dugu”.

Bestalde, duela zazpi urtetatik, Plentziako merkatuan bere baserriko produktuak saltzen ditu Francesek. Nahiz eta daborduko soilik udan egiten duen salmenta, bueltatzen den bakoitzean bezeroen harrera oso ona dela dio, “konfiantzazko harremanak” eraiki dituelako.

Baserriko lanez gainera, Francesek aitortzen du Lemoizko zinegotzia izatea ardura "handia" dela. Hala ere, ez duenez ordutegi finkorik, nolabaiteko erraztasuna du bere zeregin guztiak betetzeko.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun