Nola sortu zen jaialdia?
Duela 33 urte sortu zen: herriko jai guztietan bezala kontzertuak egiten zituzten Armintzan, eta 90. hamarkadan reggae musika hauspotu nahi zuten, Bob Marley-ren garaiaren ostean. Orduan ikusi zuten musika horrek arrakasta zuela, oraindino hemen ez zegoelako hainbesteko reggae mugimendurik. Lehenengo urtean jende asko etorri zen Armintzara eta horrela jaialdia egiten jarraitu zuten. Momentu batean etenaldi bat egon zen jasangarria ez zela ikusi zutelako, baina 2004an berriro ere egiten hasi ziren. Gaur egun arte.
Zer eskainiko duzue aurtengo edizioan?
Aurtengo kartela ateratzea asko kostatu zaigu, baina edizio honetan aurrekoetan baino aniztasun handiagoa dugu. Adibidez, Juantxo Rude Band ekarriko dugu, disko berri bat atera baitu duela gutxi; Erresuma Batuko Clair Angel artista etorriko da; Rumbo Paraiso; edota Awa Foll ere, 2017an jada egon zena.
Zein da aurtengo berrikuntzarik azpimarragarriena?
“Herritik herriarentzat” leloa da aurtengo dinamika berria. Pandemia ostean zaila izan da jai eta ekimen ezberdinetako jai-batzordeetan ekintzak eta txosna-txandak betetzea, eta Txapel Reggaen ere egoera berdinean gaude. Aurten azpimarratu nahi izan duguna da Txapel Reggaea ez dela soilik Armintzako jendearentzako: kanpotik jende asko dator eta badirudi beti herrikoak gaudela estu eta lanean, Jai-Batzordearekin elkarlanean. Jaietan laguntzeko eta parte hartzeko kontzientzia zabaltzeko ikusarazi nahi dugu horrelako jaialdi bat ez dela bakarrik egiten; atzean lan handia dago. Horregatik, boluntario bila gabiltza: 100 pertsonako kopuru minimo bat ezarri dugu. Gauza errezetarako behar dugu laguntza, esaterako, bi ordutan trafikoa kontrolatzen dituzten arduradunak behar ditugu. Horrela haiek ere parte hartzeko eta ikusteko jaialdia guztiona dela. Esan bezala, herritik herriarentzat.
Zenbat boluntario izan ohi dituzue?
Jai-Batzordean zortzi gara, baina Armintzako jendea beti dago laguntzeko prest: herri txikia da eta danok ezagutzen gara gure artean. Esaterako, ikusten bazaituzte pisu handia duen zerbait eramaten, inguruan dagoen edonor hurbilduko da zu laguntzera. Azkenean, bakoitza saiatzen da ahal duen moduan laguntzen. Hala ere, gauza potoloak eta konpromiso serioak hartzeko prest dagoen jendea lortzea gero eta zailagoa da.
Sarrerarik ez duen jaialdia izanda, nola lortzen duzue ekonomikoki aurrera eramatea?
Ekonomikoki gehien laguntzen dizkiguten gauzak txosnak edota kamisetak dira. Udalak ere laguntzen gaitu, baina gurera bideratzen duten aurrekontua oso txikia da. Beraz, hein handi batean, boluntarioen lanak eramaten du jaialdia aurrera. Kontziente izan behar gara jai herrikoiak egiteko parte hartu behar dugula. Guztiok apur bat eginda, gauza handi bat antolatu dezakegu.