Txapel Reggae

Gurtu: "Txapel Reggaea ondo antolatzen saiatzen gara herria eta herritarrak zaintzeko"

Nahia Martinez Gondra 2024ko eka. 18a, 10:16

Gurtuk urteak daramatza Txapel Reggaeko jaialdia antolatzen.

Txapel Reggaeak badu daborduko data ofiziala: uztailak 13, zapatua. Hala, udaro bezala, Armintzako portua sound system dantzagarrienetan murgilduko da Euskal Herri osoko gorputzak dantzan jartzeko asmoz. Aurtengo egitarauak mundu osoko artistez gain, kultura beltzaren aldeko apustu nabarmena egingo du. Xehetasun guztien berri izateko Armintzako jai-batzordeko Gurtugaz batu gara.

Zer duzue prestatuta aurtengo Txapel Reggaerako?

Goizean zehar tailerrak eta ekintza irekiak egingo ditugu, eta arrastian sound systema egongo da, aurreko urteetan bezala. Besteak beste artista hauek egongo dira: Portua Stage oholtzan Biobizz, Macka B eta Askala Selassie artista britainiarrak, Ashraff 30 senegaldarra, Lion Sitté Ekuatoreko Ginea jatorria duen madrildarra, Emeterians talde madrildarra eta Pagasarri Ska All Stars talde bilbotarra arituko dira.

Gainera, Batukale Samba batukada egongo da goizean, eta, aldi berean, AfroDance masterclass bat egingo du AfricanVibes Dance taldeak. Jendeak mugimendu berriak ikasteko eta goiza girotzeko oso ondo etorriko da. Arrazismoaren aurkako tailer bat ere egingo dugu Betto Snay eta Marra Juniorregaz, eta, arrastian, Dub Stage zonaldean, Bomb Bass Hifiren sound systema egongo da I-Man Cruz toaster lanetan. Gainera, Soinu Beltzak, KWSK Ninja / Novato eta Ziztada & Rlantz + Komadü ere arituko dira.

Antiarrazismo hitzaldia errepikatuko duzue aurten ere.

Bai. Arrakasta izan zuen pasa den urtean: jende nahiko etorri zen, mahai-inguru polita sortu zen eta errealitate ezberdinak ikusarazi ziren. Uste dugu jaialdi bat ezin dela soilik izan joatea, musika entzutea, gozatzea eta etxera itzultzea. Arlo kulturalak ere landu behar dira eta jendea kontzientziatzeko oso momentu polita da. Gazteriak sare-sozialetan eta bestelako iturrietan jasotzen duen informazioaz gain, izan behar du aukera ere horrelako gaiak zuzenean ezagutzeko.

Nabaritu duzue gero eta jende gehiago datorrela Txapel Reggaera?

Bai. Jaialdiaren ikuspegitik ondo datorkigu, baina antolakuntza gogorra izaten da. Ondo antolatzen saiatzen gara herria eta herritarrak zaintzeko eta euren ohiturak ahalik eta gutxien apurtzeko. Horregatik, aurten erabaki dugu herrigunea guztiz itxita egongo dela kanpoko kotxeentzako: herrian ezingo da aparkatu, sarrerako biribilgunetik hasita araztegia pasatu arte. Zonalde guzti hori itxita egongo da bisitarien kotxeentzako. Hala, herritarrak soilik ibili ahalko dira kotxearekin.

"Herrian ezingo da aparkatu, sarrerako biribilgunetik hasita araztegia pasatu arte"

Bestalde, Gorlizetik datorren sarreran ere ezingo da aparkatu. Bertatik, autobusa, anbulantziak eta ertzainak pasatuko dira. Beraz, kotxez datorren jendea Bakioko sarreratik soilik sartu ahalko da.

Halere, autobusak ordu erdiro jarriko ditugu gau osoan zehar Plentziako metrotik. Gainera, egunean zehar eskatu dugu orduro etortzen den autobusaren maiztasuna areagotzea. Azken horren erantzunik ez dugu oraindik jaso, guzti hau lantzeko batzar asko izan ditugulako. Lan handia ekartzen du honen antolakuntzak, baina bermatu behar dugu bai herritarrak bai baliabideak Armintzara hel daitezkeela.

Nola daramazue antolakuntza? Jende adina duzue aurten?

Jendea beti behar da, baina deialdi indartsu bat egin dugu sare-sozialetatik eta 40 lagun inguru lortu ditugu. Oraindik 100 lagunetara heltzeko jende dezente falta zaigu. Horregatik, aurten formulario bat egin dugu jendea ordu ezberdinetan apuntatzeko: bermatu nahi dugu dena ondo joatea eta jendeak gozatzeko aukera ere izatea.

Zein da pasa den urteko balorazioa?

Herrian komentatu dute antolakuntza eta laguntzaile aldetik nabaritu zela "desmadre" gutxiago, batez ere, kotxe aldetik. Urtero bezala jendea pozik gelditu zen kontzertuekin eta egindako ekitaldiekin, izan ere, azken horiek partaidetza handia izan zuten, beraz, balorazioa orokorrean positiboa izan da. Jai-batzordean gazte talde berri bat sartu da lan egiteko gogoekin eta horrek ere berpiztu du giroa.

Amaitzeko, erasoentzako protokolo berezirik duzue identitate guztien segurtasuna bermatzeko?

Bai. Duela 3-4 urte egin genuen eta bertan pauta batzuk jarraitzen dira egoera ezberdinen aurrean. Halere, jai-batzordeko kide bat erasoak eta protokoloak sortzeko tailer batean egon da eta hori berritzeko asmoa dugu. Nolabaiteko erasorik izatekotan, zuzenean txosnan jakinarazi dezakete. Gu bertan uneoro egongo gara. 

Zortea izan dugu gaur arte ez delako ezer gertatu; espero dugu horrela jarraitzea. Txapel Reggaearen inguruan sortu den giroa beti izan da baketsua eta errespetuzkoa. Errespetua herriarentzako, langileentzako eta guztientzako. Errespetatzera ez datorrena bere etxean gera dadila.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun