Elkarrizketak

Jagoba Madariaga Gaubeka: "Aurten, kosta jaku txikiak palan hastea"

Nahia Martinez Gondra 2024ko ira. 26a, 15:15

Jardunaldi horretan, haurrak palara hurbildu gura izan zituzten jolas eta dinamika ezberdinakaz.

Irailean, pala frogatzeko saio bat egin dute, Armintzan, 6 urteko umeei zuzenduta. Jagoba Madariaga Gaubeka entrenatzaileak dioenez, xedea da umeak kirolera hurbiltzea.

Abuztu honetan, lehendabiziko pala campusa egiteko intentzioa zuen Armintza Pilota Kirol Elkarteak. Alabaina, adin ezberdinetako sei ume apuntatu ziren soilik, eta, maila desberdineko haurrak zirenez, bertan behera uztea erabaki zuten. Jagoba Madariaga Gaubeka pala entrenatzailearen esanetan, aurten oso haur txiki gutxi hasi dira palan jokatzen eta, umeak erakartzeko asmoagaz, saio bat antolatu zuten irailaren 5ean. "Betidanik Armintzan ume txikiak frontoian egon dira. Baina, azkenengo urte erdian, kostatu jaku txikiak hastea, ez dakigu zergatik".

Jardunaldi horretan, haurrak palara hurbildu gura izan zituzten jolas eta dinamika ezberdinakaz. Madariagak azaldu duenez, saio horretatik espero dute 6 urteko umeen taldea sortzea, baina haur nahikok izena ematen ez badute, hilabetero pala jardunaldiak egiten jarraituko dituzte herrian. Modu horretan, umeak animatu eta pala sustatu gura dute belaunaldi berrien artean.

Ume txikien dinamizatzaile eta entrenatzailea da Madariaga, baina herrian pala profesionaleko beste bi jokalari ere dituzte: Iñaki Urrutia eta Esteban Gaubeka. Horiek ere, noizbehinka, umeak palan jolasten ikustera hurbiltzen dira. Nagusien taldeen entrenatzaile gisa, Armintza Pilota Kirol Elkarteko Ekain Mendizabal aritzen da.

Txikienen taldean ez bezala, Madariagak adierazi du aurten inoiz baino haur gehiago apuntatu direla beste taldeetan. "Beste adinekoak badekoguz taldeak, baina justu 6 urtekoena, ez dau. Hiru edo holan dauz apuntatu nahi direzela". Arraroa egiten zaie hutsune hori egotea, are gehiago, doako ekintza denean: "Nik uste dot gurasoen nagia-edo dela. Erosoagoa dala umeek beste gauza batzuk egitea. Haurrak kirola egin dezan sustatu beharrean, mugikor edo tablet bat emon eta lasai egotea. Haur pilo dauz herrian ez direzenak apuntatzen", deitoratu du.

Hala, argi adierazi du Armintzan pala "guztie" dela: "Frontoia herriko erdigunean dau eta herriko ume guztiak bertatik pasatzen gara noizbait. Ume guztiok pala probatzen dogu behintzat urte batez. Herrian jendeak afizio hori deko eta galdetzen dotzu ze in dozun partidutan: ez dau gehiagorik, bakarrik dau frontoia". Halaber, hausnartu du pala ez bazen, umeek lehen futbola egiten zutela, baina orain, "ez bata, ez bestea".

Halaber, orain mutil asko daude frontoian,  asko ere jaio direlako azken urteetan Armintzan: «Neskak orain bakarrik dekoguz bi edo. Asko hasi ziren, baina futbolera jun direz gehienak». Horregatik, Armintza Pilota Kirol Elkarteak lanean jarraituko du umeen artean pala sustatzeko: "Jendea animatu nahi dugu probatzera, probatzen baldin badabe badakigulako gero geldituko direzela".

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun