Hala, ez du aspertzeko astirik izan: eskola berria estreinatu zuen zuzendari gisa hasi zenean, eta, egun, zuzendaritza lanez gain, atezain-lanak egiten ditu eta jantokiko arduraduna da ere. "Eskola txikien sarean egoteak asko laguntzen dit, sortzen diren gatazkak partekatu ahal ditudalako ni bezalako beste zuzendariekin. Hezkuntzan lan egiten dugunok badakigu zein den irakasleok pairatzen dugun estresa; are gehiago zuzendariok", onartu du.
Urte hauetan, Lemoizko Herri Eskola asko aldatu da: eraikina berritu da, egun bazkariak eskolan prestatzen dituzte eta ikasle eta irakasleen kopurua areagotu da. Zehazki, 100 ikasle dituzte. Hala ere, funtsezkoak berdin jarraitzen duela baieztatu du: "Ikasleak erdigunean jartzen ditugu, beti bezala; familien parte-hartzea eta inplikazioa beti izan da garrantzitsua, eta Ikaskomunitatea izaten jarraitzen dugu".
Halaber, berrikuntza esanguratsu gisa robotika- eta programazio-klaseak astean behin ematen dituztela azaldu du. Dena dela, oraindino ere gabezia batzuk dituzte eskolan: "Ordezkapen-kudeaketa hobetu behar da eta eskola txiki geratu zaigu. Gainera, irakasleak egonkortzea funtsezkoa da, urtero klaustroaren erdia berria delako", deitoratu du. Nolanahi ere, Zabalak bihotzez espero du bere eskolako ikasleak gustura egotea, azken finean, "pertsona zoriontsuak hezi gura dituztelako".
Beraz, nahiz eta Lemoizko Herri Eskola txikia izan, argi dago ilusio eta konpromiso handiko irakasleek gidatzen dutela hezkuntza-proiektu berritzaile hau.