Ahanztura, tabua, amorrua, borroka, errefusa, dolua, mina, indiferentzia, ezjakintasuna, sekretua. Eta batez ere isiltasuna. Lemoizko zentral nuklearra itxi zutenetik lau hamarkada luzeko isilunea. Horiek dira zentralaren historia gertutik bizi eta aztertu duten lagunek gehien errepikatu dituzten hitzak.
Lemoizko zentral nuklearra sinbolo bat da, era batean ala bestean, Euskal Herriko historia zeharkatu duena. Horren eraikuntzak Basorda kalaren eta inguruotako guneen izenak ezabatu eta ez-leku bihurtu zituen inguruko herritarrentzako. Eta zentralak bertan dirau, oraindino ere Lemoizko herriaren ondoan, hutsik, jazotako guztia bere barruan gordetzen.
Alabaina, gero eta gehiago dira bizitako hori kanporatu gura dutenak. Azken bi urteetan, Lemoizko Udalak Eusko Jaurlaritzagaz hainbat bilera izan ditu zentral nuklearraren eremu osoari buruzko proposamenak aztertzeko. Udalak argi du beharrezkoa dela "eztabaida pizteko prozesu parte-hartzaile bat" martxan jartzea zentralaren etorkizuna zein izango den zehazteko.
Izan ere, ingurua ondo ezagutzen dutenek badute zer esan. Urte luzeetako isilunearen ostean, hurrengo lerrootan hiru proposamen bildu ditugu. Lagun hauek Basordako eta inguruko (ez)lekuan bizitza berri bat imajinatzen ahalegindu dira. Ideia horietatik tiraka, euren proposamenak egia bilakatzen saiatu dira azken urteetan. Inguru hori eurena delako. Baita denona ere.
Zentraleko mutikoa
"Zentralari buruz ditudan lehen oroitzapenak joan-etorri asko dira, kamioi asko. 5-6 urte inguru nituen". Valentin Elortegi arkitektoa Lemoizko zentral nuklearreko obren ondoan koskortu zen, zehazki, Elortegiena baserrian. Nahiz eta euren etxea zentraleko atzaparretatik salbu gelditu zen, euren lurren zati bat desjabetu zieten hura eraikitzeko. Hala, txikitatik, hesiz betetako gunea bere normalitatearen parte izan zen. Mugimendu hori aprobetxatu guran, bere familiak taberna bat ireki zuen zentraleko langileentzako. "Inguruko umeak Plentziara joaten ginen eskolara. Autobus-gidariak goizeko txandan zentraleko langileak ekartzen zituen eta, gero, bueltan, ni nintzen eskola-garraioko lehena. Askorentzat, ni zentraleko mutikoa nintzen. Zentral nuklearra inguruaren definitzailea bilakatu zen eta Basordak bere izena eta toponimia galdu zuen", seinalatu du Elortegik.
"Ezin dugu honetaz hitz egiten ez duen beste belaunaldirik onartu"
14-15 urtegaz, bizi zuen errealitateaz kontzienteago bilakatzen hasi zen. Gatazka politikoen ondorioz, arantzazko alanbre bat jarri zuten eta hesi fisikoa zurrunagoa bilakatu zen. "Nik ez nuen pertzepzio negatiborik nabaritzen, baina igartzen nuen familia-giroan bazeudela hitz egiteko hobe ez ziren gauzak, oraindino atsekabetuta zeudelako lurraldearen zati bat galdu zutelako". Gero, hazten joan ahala, energia nuklearraren arriskuak ezagutu zituen, eta gizarte-mugimenduak antolatu eta sendotu ziren.
Valentin Elortegi zentraleko obren ondoan hazi zen. © VALENTIN ELORTEGI
Ondare-kulturala
1990ean, Gironara joan zen bizitzera eta, 2015ean, Gironako Unibertsitateko Toki Eremuko Ondare Kulturalaren Kudeaketa Masterrean, Lemoizko zentral nuklearraren ondare kulturalaren prozesuari buruzko tesia egin zuen. Duela hamar urteko tesian biltzen duen ideia nagusiak oraindino ere zentzu osoa du berarentzako: "Ondaretze-prozesua egin beharra dago, hori da nire proposamena. Gero hitz egingo dugu inguruaren erabileraz. Baina ondareagaz, estaldura legala eta juridikoa ematen diozu, babes bat, azken finean. Horregaz batera, interpretazio zentro bat egitea ezinbesteko ikusten dut, elkarrizketarako eta hausnarketarako gune bat. Oraindino ere ezkutuko gatazkak daudelako eta, uneren batean, horiei buruz hitz egin beharko delako".
Hala, Elortegik Basordako ingurunea norberarena sentitzearen garrantzia nabarmendu du, elementuren bat gorrotatzen edo gaitzesten bada, proposatutakoa ere negatiboa izango delako: "Zentral nuklearragaz adiskidetzeko modurik onenetako bat gurea eta publikoa dela onartzea da".
Bere tesia amaitzen ari zenean, Euskal Ondare Industrialetik adierazi zioten ez zela posiblea zentral nuklearra ondare gisa izendatzea, "ez zuelako inoiz zentral nuklear gisa funtzionatu". Aitzitik, funtzionatu izan balu, ez zukeen zentzurik izango ondare gisa izendatzea, "ez litzatekeelako bisitagarria izango". Gainera, oso elementu garaikidea zela esan zioten ere, nahiz eta Unescok duela urteak kendu zuen gutxieneko urteko irizpidea. Proposamenaren aurrean "zentzurik gabeko" oztopoak topatu zituen Elortegik.
Bizitza oso bateko proiektua
"1972an, kamioien mugimenduak, zer gertatzen ari zen ez jakiteak... asko markatu ninduen. Hori izan zen niretzat Lemoizko zentral nuklearraren eraikuntzaren hasiera". Carmen Abad arkitekto bilbotarrak txikitatik igarotzen zituen udak Gorlizen, eta Basorda kala maitasunez gogoratzen du. 1976ko abuztuan, 15 urte zituenean, Euskal Kostalde Ez Nuklearraren Defentsarako Batzordeak deitutako manifestazioan parte hartu zuen eta, ordutik, leku horri buruz eskura zuen informazio guztia biltzen hasi zen. "Haurtzarotik ezagutzen nauten pertsona batzuek uste dute karrera hau aukeratu nuela arkitektura eta hirigintzatik gure oroimen kolektiboaren zulo beltz honi irtenbide bat eman ahal izateko", baieztatu du, irmo.
"Proiektua aurkeztu nion lehen pertsonetako batek esan zidan 20 urte baino gehiago igaro beharko zirela gizartea horrelako proposamen bat barneratzeko prest egon zedin"
Kontziliaziorako sinboloa
17 urtegaz Bartzelonara joan zen ikastera eta, nahiz eta ez duen inoiz zentralera sartzerik lortu, 1994an, obraren paperezko plano batzuk eskuratu zituen. 1998an, Lemoizko zentral nuklearra eta ukitutako lurrak erabilera publikoko gune bihurtzeari buruzko Gradu Amaierako Lana aurkeztu zuen, eta, ordutik, bizitza osoan bidelagun izan du proiektua. Bere proposamena da zentral nuklearra energetikoki buruaskia den ondare-parke bihurtzea.
"Alde batetik, hustuketa selektiboa egin behar da. Soluzio aktiboa da, suntsituz eraikitzea. ASKA terminotik kontzeptualki datorren eraikinaren sendatze-ekintza da, eraikina konnotazio negatiboetatik askatzeko. Izan ere, aurriek oroitzapenaren aztarna izaten jarraitzen dute. Beste aldetik, bihurketa fasea dago, eraikina bere errautsetatik berpiztea: partzela parke bihurtzen da, eraikin nagusia dagoen plataforma lorategian, eraikin osagarriak labirintoetan, kontrol-eraikina zubian, turbinen eraikina itsas uhartean… Hala, ibilbide harrigarri eta erakargarri bat bihurtzeko ezinbesteko guztia eskainiko litzateke".
Carmen Abad Plentzian bizi da gaur egun.
Abadek azaldu bezala, hori egitearen kostua erabateko desegitearen berdina da. Zentralaren euste-eraikinak mantenduko lirateke, eraispenaren kostu handiagatik eta CO2agatik, bai eta lekuaren kalitateagatik ere (horietako bakoitzaren goiko erdia Erromako Panteoiaren antzeko eremua da).
"Proiektu hau energetikoki autosufizientea den ondare-parke baten eta gure I+Gko erakusleiho baten oinarri publikoa da. Natura lehengoratzeak, ibaien ibilguak berreskuratzeak, oinezkoentzako bideak lotzeak eta garraio publikorako sarbideak itsas bidearen ondoan dagoen korridore berde honen jarraipena ahalbidetuko luke".
Proiektuaren maketak ikusgai egon dira hainbat lekutan: Reina Sofia Arte Zentroa Museo Nazionalean, 2023an; Artium Museoan, 2024an; Aramberriko Vista Parcial eta Entresaka erakusketetan; Euskal Herriko Arkitektoen Elkargo Ofizialaren Bizkaiko Ordezkaritzan... Gaur egun, proiektuaren erakusketa osoa Bilboko Arte Ederren Museoko funtsen parte da. Berarentzako, zentrala liskarraren sinboloa da eta, horregatik, arkitekturaren diziplinatik «kontziliazioaren sinbolo" bihurtu gura du Abadek.
Abaden proiektuaren maketa. © CARMEN ABAD
Natura babesteko unea
Zentralaren eraikinen inguruan, sartzea debekatuta dagoen naturagune abandonatua dago. Iosu Alberdi eta Marian Gaztainaga Lemoizko Etzandarri mendi taldeko antolatzaile nagusiak dira eta horren inguruko gogoeta egin dute. Duela 25 urte heldu ziren Armintzara, eta hasieratik sumatu zuten oraindino itxi gabeko zauriak zeudela herrian.
Mendi taldean txangoak egiten hasi zirenean, konturatu ziren ia ez zutela lekurik ibilbideak egiteko Armintzatik gertu. Orduan, zentraleko naturaguneak eta Lemoizko itsaslabarrak aurkitu zituzten. Hala, zentralaren inguruetako degradazioaz kontziente bilakatu ziren eta, egoera horri buelta emateko, 2019an, "Lemoizko Itsaslabarrak naturagune babestua" izeneko proiektua aurkeztu zuten, zentralaren ondoko eremu naturalak zeharkatzen dituzten bost ibilbide proposatzen dituena.
"Gure proposamenak Lemoizko itsasertz guztia hartzen du. 850 hektareaz hitz egiten ari gara eta Lemoizko itsaslabarraz gain, lurraldeko erreka guztiak biltzen ditu. Sistema hidrologiko aparta osatzen dute, Urbieta urtegia barne. Hala, Basorda kala naturagunearen bihotza eta erdigunea izango da. Zentral nuklearraren jabetza publikoa aprobetxatuz (180 hektarea), bi harrera-gune, aparkalekuak eta atseden eta aisialdiko lekuak proposatzen ditugu. Bertatik abiatuko da ibilbideen sarea".
Iosu Alberdi eta Marian Gaztainaga.
Zentral nuklearreko portuak garrantzia handia du: bertan elkartzen dira Armintzatik, Atsebagitik eta Anparrantxitik datorren ibilbidea, baita Sarakoetxe auzotik, Lamitzeta-Merdekaerrekatik eta Urbietaldetik datorrena ere. Proposamena egin zutenetik 6 urte igaro arren, oraindino ez dute erantzun ziurrik jaso. "Zentral nuklearreko egoera tamalgarria da, eta instituzioen utzikeria lotsagarria eta ulertezina. Naturagune oso baliotsu eta ezezaguna arrisku larrian dagoela ohartarazi nahi dugu", deitoratu dute biek.
Euren helburua argia da: deskubritu duten naturagunea balorean jartzea eta hori babestea. Modu horretan, Lemoizko garapen jasangarriaren alde egin gura dute, zentral nuklearraren arazoari irtenbide bat emateko.
Norabide bakarra
Valentin Elortegiren, Carmen Abaden, Iosu Alberdiren eta Marian Gaztainagaren proiektuen proposamenak bateragarriak dira zentzu askotan, eta guztiek bilatzen dute Basordako ingurua berreskuratzea, mina sendatzea eta gertatutakoaren testigantza jasotzea. Oraindino ez dago behin betiko erantzunik, galderak irekita jarraitzen du: zer egin Lemoizko zentral nuklearragaz? Argi dagoena da, soluzioak soluzio, ahanzturari proposamen kolektiboakaz erantzuteko unea iritsi dela.