EHUk proiektu honetarako funtsezkoak diren arloetan espezializatutako ikerketa-taldeak ditu, besteak beste: herritarren parte-hartzea, ekonomia zirkularra, genero-ikuspegia, klima-aldaketa, kultura eta hizkuntza, lurralde- antolamendua, arkitektura, hirigintza eta artea. Bere izaera publikoak, independentziak eta diziplina anitzeko ikuspegiak prozesu hau diseinatzeko entitate egokia bihurtzen dute.
Mankomunitateko Osoko Bilkurak honako erabaki hauek hartu ditu:
- Lehenengoa: Partaidetza-prozesu zabal, plural eta inklusibo bat bultzatzea, Lemoizko zentral nuklearraren espazioaren eraldaketa gidatu beharko luketen irizpideak definitzeko.
- Bigarrena: Eusko Jaurlaritzari eskatzea prozesu plural eta inklusibo bat bultza dezala, azaldutako baldintzei jarraituz.
- Hirugarrena: Eskaera formala egitea Euskal Herriko Unibertsitateari (EHU) proposamen metodologiko bat diseina dezan, honako hauek jasoko dituena:
- Herritarren eta lurraldeko eragileen ekarpenak jasotzea ahalbidetuko duen parte-hartze integraleko metodologia bat.
- Eskualde-ereduari buruzko eztabaida kolektiboa sustatzen duten aktibazio komunitarioko estrategiak. Prozesuaren jarraitutasuna, koherentzia eta legitimitatea bermatuko dituen gobernantza-eredu bat.
- Laugarrena: Beharrezkoa bada, edo Eusko Jaurlaritzak ez badu finantzaketa onartzen, 2026ko ekitaldiko aurrekontuaren kargura, edo, beharrezkoa balitz, 2025eko ekitaldiko kreditu gehigarriaren bidez, partida ekonomiko nahikoa bideratzea diseinua behar bezala egiten dela bermatzeko, herritarren parte-hartzea, askotariko eragileen inplikazioa eta adituen aholkularitza bermatuz.
- Bosgarrena: Erabaki hau EHUri eta Eusko Jaurlaritzari jakinaraztea, eta, hala badagokio, lankidetza-hitzarmen bat edo enkargu tekniko bat formalizatzeko beharrezkoak diren kudeaketak hastea.