Egitaraua

Sustraien eta kulturaren aldeko apustua egingo dute aurtengo Txapel Reggaean!

Nahia Martinez Gondra 2025ko eka. 19a, 15:25

Aurten uztailaren 19an ospatuko dute jaialdia.

Armintzako Txapel Reggae musika jaialdiak badu daborduko bere 2025eko artisten kartela osatuta: Raymond Wright, Lion D, Awa Fall, Piero Dread, Royal Sounds, Awake eta Trikoma Banda izango dira BioBizz Portua Stage agertoki nagusiko protagonistak. Aurten uztailaren 19an ospatuko dute jaialdia eta sustraiak eta kultura izango dute oinarri: Roots and Culture generoko berritzaile handia den Mikey Dread jamaikarraren gai klasikoa omendu gura izan dute horregaz. Hemen, duzu egitarau osoa!

Aurten ere, Biobizz Portua Stage nazioarteko, estatuko eta tokiko oihartzuna duten artisten erakusleiho handia izango da. Bertan egongo da italiatik datorren Lion D, egungo ahotsik indartsuenetakoa. Patua erabiltzen du, Jamaikako hizkuntza kreola, espiritualtasunetik hasi eta gai sozialetara arte hitz egiten duten bere abestiak konposatzeko, sing-jay, roots berriak, dancehall eta hip hop oinarrien gainean. Raymond Wrightek ere kartelera batu da, soul, R & B eta reggae arteko errepertorioagaz. Hala, maitasunaz, egiaz, errespetuaz eta hezkuntzaz hitz egiten dute bere abestiek. 

Jaialdiaren beste indarguneetako bat Royal Sounds roots reggae taldea izango da, Ajani eta Gyasi anaiek osatutako banda instrumentala. Londrestarrek aurrekaririk gabeko energia hedatzen dute oholtzaren gainean eta euren musika batasun mezu bihurtzen dute. Gainera, Piero Dreadek, reggae proiektu ezberdinetan ibilbide luzea duen artista italiarrak, bere abesti enblematikoenak errepasatuko ditu. Nazioarteko beste ahots interesgarrienetako bat da Awa Fall eta hirugarren aldiz bisitatuko du Armintza reggae, soul, R & B, blues eta rap estiloen fusioagaz. 14 urtegaz hasi zuen bere ibilbidea eta bere bakarkako lehen albuma, Inna Dis Ya Iwa 2016an kaleratu zuen. Orain, Dub & Flames diskoagaz, soinu moderno eta boteretsu bategaz duen konpromisoa berresten du.

BioBizz Portua Stageren line up-a 2023an jaiotako Awake reggae formazio estatalak osatzen du, Ras Kuko beteranoak, Cañamanen sortzaileak, eta Carlos Keysie eta Edu Fernandez, biak Malagako Malaka Youth taldearen sortzaileak osatua. Eta, azkenik, Trikoma Banda Maeztutik lurreratuko da Armintzan, rocksteadya, ska tradizionala eta rootak arakatzen dituen soinu bategaz. 

Spannabis Dub Corner agertokiak ordutegia aurreratuko du aurten, eta eguerdiko 12:00etatik aurrera jaialdiko topagune bihurtuko da. Euskal Herriko reggae eszenako abeslarien aukeraketa bikaina izango da, sound system ezberdinak egongo baitira hor. Armintzako skateparkaren inguruan, Mad Muasel, Suaia, Lova Lois, Eira, Morgana Souljah, Ital Storm eta Pantx Records bezalako izenen beroketa izango du, Bomb Bass HIFI taldearen laguntzagaz.

Gainera, Euskal Herriko reggae eszenako abeslarien aukeraketa bikaina izango dute, sound system ezberdinakaz bat egingo dutenak. Armintzako skateparkaren inguruan dago agertokian Mad Muasel, Suaia, Lova Lois, Eira, Morgana Souljah, Ital Storm eta Pantx Records bezalako kontzertuak egongo dira, Bomb Bass HIFI ekipoaren laguntzagaz.

Batukale Samba perkusio taldeak girotuko ditu kaleak, Armintzako poteoagaz batera. Aldi berean, portutik gertu dagoen txosnan, Afrikako sustraiak dituzten dantza urbanoen klaseak egongo dira. Hala, African Vibes, Aixiba Koroma eta Amaia Sinobasek parte hartuko dute bertan.

Egitaraua

    • 12:00 Batukale Samba, herritik.
    • 12:00 Dantzaldia: Aixiba Koroma, Amaia Sinobas eta African Vibes Dance, txosnan.
    • 12:00 Mad Muasel,  Suaia, LovaLois eta Eira; Morgana Souljah; Ital Storm eta Pantx Records. Spannabis Dub Corner, Skate parkean.
    • 21:00 Raymond Wright & Sound Rebels, Lion D & Modern Roots Collective, Awa Fall, Royal Sounds, Piero Dread, Awake eta Trikoma Banda. Biobizz portua stage. 
    • Afterparty: Txusking.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun