Gurtu: "Karmenak udan direnez eta Armintza kostaldean dagoenez, gero eta jende gehiago hurbiltzen da festa hauetara"

Nahia Martinez Gondra 2025ko uzt. 11a, 09:00

Aurten, Karmengo jaiak uztailaren 16tik 20ra izango dira.

Herri txikia izan arren, Armintzan pizten den jaia benetan handia da. Gurtuk 20 urte daramatza herriko jai-batzordean festarik onenak antolatzeko lan egiten eta, beraz, ondo daki herriaren ahaleginik gabe ez dagoela jairik. Aurten, Karmengo jaiak uztailaren 16tik 20ra izango dira eta lemoiztarrak egitarauaren xehetasun guztiak partekatu dizkigu.

Zer duzue prestatuta aurtengo jaietarako?

Urtero bezala, saiatzen gara egun bakoitza adin-talde bati eskaintzen, horrela denek dutelako dibertitzeko euren momentua. Txupina eta pregoia 2007koek, aurten 18 urte betetzen dutenek, egingo dute. Hala, jaietan eta jai-batzordean sartzeko zubi bat da hori. Gero, tradizionala den meza eta prozesioa izango dugu, eta gero, arratsalde gauean, ur jolasak egingo ditugu, otarrainxka-janarekin batera. Iluntzean, nagusien kuadrillen jolasak izango ditugu.

Bigarren eguna, eguena, umeen eguna da eta puzgarriak egongo dira goizean. Gero, tortilla-txapelketa egongo da, eta arrastian, bitsaren jaiarekin jarraituko dugu. Aurten, umeen eta nagusien triatloia egun berean egingo dugu. Jarraitzeko, paleta txapelketako finalak izango ditugu, eta gero, kontzertua, burruntzi-jana eta DJ bat egongo da txosnan.

Barikuan badirudi gauza gutxi dagoela, baina mozorro eguna denez, oso girotuta egoten da herria. Goizetik, umeentzako tailerrak egongo dira. Gero, pala partidu profesional edo sasi-profesionalak egongo dira frontoian. Eta, azkenik, mozorro lehiaketaren jaitsiera egongo da. Amaitzeko, erromeria egongo da Lehian taldearekin. Gero, zapatuan, Txapel Reggaea egingo dugu, urtero bezala.

Domeka egun gogorra izaten da batzuentzako, baina nagusientzako euren egun berezia da. Goizean, hamaiketako bat egingo zaie txosnen laguntzarekin, eta arrastian, Bingo musikatua. Gainera, mariatxiak ere egongo dira, eta playback txapelketa egingo dugu. Amaitzeko, txokolate-janarekin gozatuta, bideo emanaldi bat egingo dugu beharbada, heltzen zaigun materialaren arabera. Horrekin, jaien amaiera izango da. 


Ekintza horiek guztiak antolatzeko lana eta denbora behar da. Zein puntutan zaudete orain Armintzako jai-batzordean?

Orain belaunaldi berri bat sartu da lan egiteko gogoekin. Horrek aire freskoa eman dio jai-batzordeari. Behintzat, ikusten dugu etorkizuna bermatuta dagoela nolabait. Adierazgarria da batez ere neskak sartu direla: jai-batzordeko % 80a dira. Indartsu dabiltza ekintza gehienak antolatzen eta esperientzia duen jendearengatik ere ikasten. Ez da erreza, baina bertan daude lanean.


Denboragaz dena eraldatzen da. Zelan aldatu dira urteetan zehar Karmengo jaiak?

Antzinako bideoetan arrantzaleek adierazten zuten bezala, Karmengo jaiak ez ziren Armintzako festa garrantzitsuenak. Arrantzaleentzat bideratutako festak ziren inportanteenak, adibidez, San Isidro eta Santo Tomas ospakizunak. Guk horiek oraindino mantentzen ditugu, baina beste maila batean.

Karmenak udan direnez eta Armintza kostaldean dagoenez, gero eta jende gehiago hurbiltzen da festa hauetara. Horrek eragin du jai hauek nolabait "potenteagoak" izatea. Horregatik dira jendetsuenak eta garrantzitsuenak egun. Lehen ikusten zen tradizionalagoak zirela eta katolizismotik bideratzen zirela. Gainera, arrantza munduko eta bertoko lanbideetako kutsua zuen. Momentu honetan, ikusten da beste bide bat hartu duela eta ogibideen kontua zerbait anekdotiko gisa gelditu dela. Tradizioa mantentzen da, baina garrantzitsuena jai-giroa eta guztion parte hartzea  bermatzea da. 

Egitaraua:

Uztailak 16, eguaztena-Karmengo Eguna

  • 12:00 Txupinazoa eta pregoia 2007ko kintoen eskutik, kultur etxeko balkoian.
  • 17:00 Meza Karmengo Ama birjinaren omenez.
  • 18:00 Itsas-prozesioa.
  • 19:00 Ur-jolasak, parkean.
  • 21:00 Otarrainxka jana, txosnan.
  • 23:00 Kuadrillen jolasak, txosnan.

Uztailak 17, eguena-Umeen Eguna

  • 11:00 Umeentzako jolasak, parkean.
  • 11:00 Puzgarriak.
  • 15:00 Tortilla txapelketaren aurkezpena, txosnan (izen-ematea 12:00–14:30).
  • 16.00 Bitsa.
  • 17:30 Umeen eta helduen triatloi herrikoia.
  • 19:00 Paleta txapelketako finalak.
  • 20:30 Baflepoteoa herritik.
  • 21:00 Pintxo morunoak, txosnan.
  • 22:30 DJ Iker.

Uztailak 18, barikua - Mozorro Eguna

  • 12:00 Umeentzako tailerrak, parkean.
  • 17:00 Pala partiduak, frontoian.
  • 20:00 Mozorro lehiaketaren jaitsiera
  • 23:30 Erromeria, Lehian.

Uztailak 19, zapatua- Txapel Reggae

  • 12:00 Batukale Samba, herritik.
  • 12:00 Dantzaldia: Aixiba Koroma, Amaia Sinobas eta African Vibes Dance, txosnan.
  • 12:00 Mad Muasel, Suaia, LovaLois eta Eira; Morgana Souljah; Ital Storm eta Pantx Records. Spannabis Dub Corner, Skate parkean.
  • 21:00 Raymond Wright & Sound Rebels, Lion D & Modern Roots Collective, Awa Fall, Royal Sounds, Piero Dread, Awake eta Trikoma Banda, Biobizz portua stagen.
  • Afterparty Txusking.

Uztailak 20, domeka Nagusien Eguna

  • 13:00 Nagusientzako hamaiketakoa.
  • 17:00 Bingo musikatua, txosnan.
  • 18:30 Mariatxiak, txosnan.
  • 20:00 Playback txapelketa.
  • 22:00 Txokolatada, txosnan.
  • 23:00 Traka eta jaien amaiera.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun