Armintzako haize-sorgailuak arrain eta hegaztiak babesteko AA duten sistemak izango ditu

Izaro Garcia 2025eko abenduaren 1a

Armintzako portuaren aurrean dagoen Demosath aerosorgailua ©SAITEC OFFSHORE

Saitec Offshore Technologies euskal enpresak garatutako Demosath aerosorgailu flotatzaileak etapa berri bati ekingo dio Bimep proba-gunean, Lemoiz aurrean. Hormigoizko plataforma batek Kantauri itsasoan errota eoliko bat egonkor mantentzeko gaitasuna aztertzeko instalatu zen.

Bi urtez prototipo gisa funtzionatu ondoren, orain Euskadiko itsas energia eolikoaren etorkizuna aurreikusten lagunduko duen ikerketa-laborategi bihurtu da.

Martxan egon den bitartean, haize-sorgailua eusten duen hormigoizko plataformak  ondo jasan ditu Kantauri itsasoko baldintza gogorrak; besteak beste, 10 metrotik gorako olatuak. Horregatik, Saitec enpresak Demosath erabiltzen jarraituko du teknologia berrietan aurrera egiteko.

Natura zaintzea xede

Aerosorgailuaren erronketako bat faunan duen eragina murriztea da. Horretarako, Saitecek hegaztiak, arrainak eta saguzarrak denbora errealean  identifikatzeko gai diren kamerak eta adimen artifizialeko sistemak txertatu ditu. Gailu horiei esker, ikertzaileek jakin dezakete nola jokatzen duten animaliek aerosorgailutik gertu, eta beraz, haiek babesteko neurriak diseinatu.

Itsas parke eolikoa martxan

Ikerketa honek aurrera jarraitzen duen bitartean, Saitec daborduko Geroa proiektuan lanean hasi da; hots, hamarkada amaierarako aurreikusita dagoen Euskadiko lehen itsas parke eoliko txikian.

Ekimen honi esker, Euskadi itsas-energia berriztagarrien berrikuntzan erreferente bihurtu da, teknologia aurreratuak eta ingurune naturalaren zaintza uztartuz.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun