Elkarrizketak

Hamarkada bat mendian hizkuntza eraikitzen

Izaro Garcia 2025eko abenduaren 17a

Etzandarri Mendi Taldeak mendia euskaraz bizitzeko modu bat finkatu du azken hamarkadan. © ETZANDARRI MENDI TALDEA

Etzandarri Mendi Taldeak hamar urte bete ditu aurten, eta hamarkada horrek mendia euskaraz bizitzeko modu bat sendotu du Lemoizen. Mendia aitzakia izanik, Etzandarri natura, hizkuntza eta komunitatea uztartzen dituen proiektua da, herritik eta herriarentzat eraikia.

Etzandarri Mendi Taldeak hamar urtebete ditu aurten, eta urteurrenak aitzakia eman die egindako bideari erreparatzeko. Lemoizen sortutako proiektuak mendia euskaraz bizitzeko modu bat finkatu du azken hamarkadan, hasieran umeei zuzendutako proposamena izatetik, egun adin guztietako mendizaleak biltzen dituen taldea izatera iritsi arte. Hizkuntza, natura eta komunitatea uztartzen dituen aisialdi-proposamena eraikitzea izan da giltza.

Taldeko kideek diotenez, hamar urteko ibilbidea "kontsolidazioarena" izan da. Denbora tarte hori laburra izan daiteke beste mendi talde historiko batzuekaz alderatuta, baina "herri txiki batean ez da erraza halako proiektu bat aurrera eramatea", nabarmendu dute. Gaur egun, Etzandarri herrian eta inguruan ezaguna da, eta ibilaldien prestaketa zainduak eman dio sinesgarritasuna: "Harro esan dezakegu taldea osasuntsu dagoela".

Bidean aurrera egin ahala, proiektua bera ere aldatzen joan da. Hasieran, ume eta gaztetxoentzat sortutako taldea izan zen, baina, pixkanaka, adin guztietako mendizaleei ireki zaie. Erronka nagusietako bat "oreka bilatzea" izan da: umeen adin eta gaitasun desberdinak, gurasoen sasoiak eta taldearen bilakaera uztartu behar izan dituzte. Horrek ibilbideak birpentsatzera eraman ditu, teknikoagoak izan daitezkeen proposamenak eskainiz, baina jende berriarentzako ateak itxi gabe. "Oreka ez da erraza", onartu dute, "baina mendiaz euskaraz gozatzeko gogoa duen oro da ongietorria".

Zer mezu zabaldu gura duzue?
Euskal Herria mendia da, eta gu mendia eta itsasoa elkartzen diren lekuan bizi gara. Zorte handia dugu, baina azken hamarkadetan naturatik, lurraldetik eta euskaratik deskonektatzen ari gara. Euskal Herria euskara bada, eta mendia Euskal Herriaren parte bada, mendia ere euskara da. Konekta gaitezen berriro.

Etzandarriren izaera ulertzeko, taldekideek bizi izandako uneek pisu handia dute. Bereziki "hunkigarria da adin desberdinetako umeak naturaren erdian lasai, pozik eta euskaraz solasean ikustea". Halako irudiek berresten dute proiektuak baduela zentzua. "Horrelako momentuek baieztatzen digute egiten ari garenak merezi duela", azaldu dute. Helduen artean ere antzeko zerbait gertatzen dela diote, taldeagaz mendia eta Euskal Herriko bazterrak deskubritzeak lotura berezia sortzen baitu.

Naturarekiko harreman horrek berak Etzandarri ingurumenaren defentsan ere eragile aktibo bihurtzera eraman du. Ibilaldiak
prestatzerakoan, herriko naturaguneak baz- tertuta zeudela ohartu ziren. Are gehiago, zentral nuklearraren ingurua edo eukalipto-landaketa intentsiboak bezalako arazoak zituzten. Hori horrela, isilik geratzea ez zuten aukeratzat ikusten: "Isiltzea ere aukera litzateke, baina ez gara isilduko". Kezka hori bereziki agerikoa da Lemoizko itsaslabarren egoerari dagokionez. Naturagune baliotsu eta bakarra izanik, kontserbaziorako eta erabilerarako pausorik ez ematea ulertezintzat jotzen dute, eta, gainera, "degradazioa" aurrera doala ohartarazi dute. Etzandarriren ustez, eremu horiek itsaslabarreko naturagunearen "bihotza" dira, eta horrela izaten jarraitu behar dute.

Euskarak, gainera, funtsezko lekua du euren jardunean. Beti egin dute bat Mendian ere euskaraz ekimenagaz, eta egun ere prest daude euskararen presentzia handitzeko: "Euskaraz bizi gara". Horren adierazle da Mendi Federazioko Pirenayca aldizkarian argitaratzen duten "Menditxiki" kronika, euskaraz.

Hamar urteko ibilbidean, Etzandarri Mendi Taldeak erakutsi du mendia euskara, komunitatea, natura eta konpromisoa uztartzea dela. Lemoiztik abiatuta, loturak sortu eta berreraikitzeko bide berri bat sortu dute. 

Urteurrenaren ospakizunen baitan, abenduaren 21ean lehen irteeraren ibilbidea berreskuratuko dute. Ospakizunetik harago, badakite zein izango den euren oraingo norabidea: hilean behin Euskal Herriko bazter ezezagun eta ederrak euskaraz gozatzeko aukera eskaintzen jarraitzea, ahalik eta talde askotarikoena osatuz. Izan ere, haien ustez, "zenbat eta heterogeneoagoa izan, orduan eta aberatsagoa da esperientzia". Euren ibilbideak erakutsi die mendia ez dela soilik paisaia edo jarduera fisikoa, baizik eta hizkuntza, komunitatea eta lurraldearekiko konpromisoa batera bizitzeko modua, herri txiki batetik abiatuta ere.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun